Festa giroan murgilduta dabiltza Morlansen
Atzo hasi zituzten jaiak Morlansen. Bigarren urtea da aurtengoa, urte luzez ospatu gabe egon ondoren, iaz berreskuratu baitzituen Morlanstarrak auzo elkarteak.
Auzo berri izaki, bizilagunek elkar ezagutzea eta auzoa nolabait batzea dute helburu jaiek. Eta badirudi helburua lortzeko zorian direla, giro bikaina sorrarazi baitute. “Jai xumeak dira, baina ondo pasatzeko nahikoak”, onartu du morlanstar batek.
Ekitaldiak ere halakoak dira, parte hartzaileak. Gaur goizean esaterako haurrentzako tailerrak eta helduentzako sukaldaritza lehiaketa egin dituzte. Aurten patatak prestatu dituzte, errioxar erara. Eta dastatzeko aukera ere izan dute, ondoren, auzo bazkaria egin baitute.
Arratsaldean, berriz, etxeko maskoten txanda izan da. Txakurrak eta katuak dira Morlansen nagusi, baina untxi bat, txori bat eta arrain bat ere atera dituzte kalera. Elkarren arteko lehiarik ez sortzeko, animaliarik alaiena eta lasaiena saritu dituzte.
Haurrentzako jokoak, txokolate jatea eta afaria egingo dituzte iluntzean. Bihar, berriz, haurrentzako txirrindulari proba izango da, 11:00etan. Ondoren, buruhandi eta erraldoien kalejira, eta aurtengo jaiak amaitzeko, pintxo pote elegantea egingo dute 13:00etatik aurrera.
- Bikote honek egin ditu errioxar erara prestatutako patata goxoenak. (Argazkia: Agurtzane Altuna)




