Giza katea egin dute erabakitzeko eskubidearen alde
Hiru oinarri ditu Gure Esku Dago dinamikak: Euskal Herria nazio bat dela onartzea; erabakitzeko eskubidea; eta eskubide hori lantzeko ardura herritarrena dela aldarrikatzea.
Halaxe adierazi du, Dani Goñi, Donostiako Gure Esku Dago taldeko ordezkariak, Alderdi Ederren egin duten agerraldian. Izan ere, ekainaren 8aren harira, hainbat ekitaldi egin dituzte Euskal Herriko hainbat herri eta hiritan.
Donostian hiru zutabe abiatu dira 12:30ean, Saguestik, Bilbao plazatik eta Antiguako tuneletik. Zutabeak Alderdi Eder eta Bulebar ingurura iritsi ahala giza kate luze bat osatu dute eta gunea inguratu dute. Alderdi Ederren bildu dira guztiak berriro, eta jai giroan egin dute agerraldia.
Ekainaren 8an Durango eta Iruñea lotuko dituen giza katearen atariko beste urrats bat izan dela gaurkoa adierazi dute. Dena dela, ekainaren 8a ez dela helmuga edo azken geltokia izango esan dute, abiapuntua baizik.
Horretarako pausoz pauso eta eskuz esku, herritar guztien ekarpena ezinbestekoa dela nabarmendu dute; “gaurkoa jarrera erakustaldi bat da; gure eskubidea da, eta guk erabaki nahi dugu nolako gizarte eredua nahi dugun, nolako osasun zerbitzua, eta nolako hizkuntza eta hezkuntza politika nahi ditugun”.
Beñat eta Unai Gaztelumendik ere egin dute euren ekarpena, bertsotan, noski. “Esku guztiak dauzkan giza kate” baten alde kantatu du Beñat Gaztelumendik; “libre egingo gaituen katea”, aipatu du, berriz, Unai Gaztelumendik.
Abestiak dioen moduan, Jende zoriontsua, herri libre batean…, dinamika positibo bat dela gogoratu dute, eta horrela, musikarekin jai giroan eman diote amaiera agerraldiari.
- Donostiako giza katea, Alderdi Ederren. (Argazkia: Agurtzane Altuna)




