AltzaEkin jardunaldia. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
AltzaEkin! jardunaldia egin dute gaur Altzan. Donostiako Sustapenak eta Auzoa merkatarien elkarteak hitzarmen bat sinatu dute. Hitzarmen horren bitartez, 31.900 euroko laguntza emango du Sustapenak Altzan merkataritza indartzeko, 40 kontratazio sortzeko, eta auzoko enpresen eta saltokien lehiakortasuna hobetzeko.
Altzako ekintzaileak Larratxo pasealekuko 55 zenbakian elkartu dira gaur. Goiz osoa eman dute ekintzailetza bultzatu eta auzoko ekonomia indartzeko formulak eztabaidatzen. Gaurkoa AltzaEkin!-en hirugarren saioa izan da. Izan ere, alor hori landuta emaitza onak lortu dituztela adierazi du Euken Sese, Sustapeneko zuzendariak, eta bide beretik lanean jarraitzeko borondatea adierazi du.
Ekintzailetzaren bilakaera frogatzeko hainbat datu eman ditu Sesek. 2011. urtean, adibidez, hiru ekintzaile berri sortu ziren Altzan; 2012an, 28 ekintzaile; eta 2013an, 31 ekintzaile.
Josu Ruiz, Ekonomia zinegotziak adierazi duenez, 2011an ekonomia politika aldatzearen apustua egin zuten. Hiriko behar ezberdinak aztertu eta behar gehien zuten auzoetan ahalegin handiagoa egiten saiatu direla esan du Ruizek. Altza jarri du adibidetzat. Iaz, hainbat alorretako laguntzen bidez, 303.886 euroko inbertsioa egin zuen udalak Altzan, eta inbertsio hori, “emaitza onak” ematen ari dela esan du Ruizek.
Josu Ruiz, Garapen Ekonomikoko zinegotzia eta Juan Carlos Ballesteros, Auzoa merkatarien elkarteko lehendakariak sinatu dute lankidetza hitzarmena. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Era berean, Auzoa merkatarien elkartearen lana ere nabarmendu dute. Sustapenaren eta herritarren arteko “zubi lana” egiten duela esan du Ruizek. Zentzu horretan, “merkataritza auzoko motore ekonomikoa” dela esan du Juan Carlos Ballesteros, Auzoa merkatarien elkarteko lehendakariak, eta “bertan lan egin eta bertan kontsumitzearen garrantzia” azpimarratu du.
AltzaEkin!
Jaurdunaldiaren lehen zatian auzoko bi ekintzailek beren esperientzia kontatu dute. Ondoren, sentsibilizazioari eta gazteei zuzenduriko saioa egin dute.
Talde ezberdinek enpresa mailako irtenbideak proposatu dituzte auzoak berak dituen erronkentzat. Aldi berean, Altzako Institutu Publikoko Batxilergoko eta Eraikuntzako LH Institutuko azken ikasturteetako ikasleek, enplegu tradizionalik ez izatearen aukera moduan, ekintzailetzari balioa ematera zuzendutako jardueran parte hartu dute. Guztiek erosketa bonu bat jaso dute opari gisa, auzoko saltokietan trukatzeko.
Azkenik, auzoko 33 bat saltokiri diploma bat eman diete kudeaketa hobetzeko, teknologia berriak aplikatzeko, eta energia eraginkortasuna lantzeko egindako ahaleginarengatik.