Nerea Txapategi eta Beñat Gaztelumendi, Koldo Mitxelena literatur lehiaketako sari banaketaren aurkezpenean. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Donostiako eskolarteko literatur lehiaketak 25 urte bete ditu aurten, eta igandean, maiatzak 18, ekitaldi berezi bat egingo dute Viktoria Eugenia Antzokian, 12:00etatik aurrera.
Haur eta gazteen artean euskararen erabilera eta sormena sustatzea da Koldo Mitxelena literatur lehiaketaren helburua. 1990. urtean jarri zuten abian, eta 25 urtean 27.765 lan aurkeztu dira. Lehiaketa bere helburu nagusia betetzen ari dela adierazi du Nerea Txapartegi, Euskara eta Kultura zinegotziak, “uzta oparoa” jaso duelarik.
A, B eta D ereduetan Lehen Hezkuntza, Bigarren Hezkuntza, Batxillergo eta Lanbide Heziketan ikasten ari diren 6-18 urte bitarteko haur eta gazteek parte har dezakete lehiaketan. Aurten 1.720 lan jaso dituzte: 817 komiki, 56 olerki, 435 ipuin eta 412 bertso.
Epaimahaikideak, berriz, Antton Olariaga komikigilea, Joxerra Gartzia idazle, irakasle eta bertso aditua, Pello Añorga ipuin kontalaria, eta Arantxa Urretabizkaia, Yolanda Arrieta, Inazio Mujika eta Itziar Zubizarreta idazleak izango dira.
Urtemuga borobila izanik, ospakizuna ere halakoa izatea nahi du udaleko Euskara Zerbitzuak. Horregatik, parte hartutako haur eta gazteek protagonismo berezia izango dute, baina gainera, 25 urte hauetan lehiaketaren irabazle izan diren hainbat pertsonen oroimenak eta iritziak ere ezagutzeko aukera eskainiko dute igandeko ekitaldian. Horretarako, irabazle izan ziren Harkaitz Cano idazleak eta Beñat Gaztelumendi bertsolariak prestatu duten bideo bat aurkeztuko dute, besteak beste.
Bideoan 14 testigantza jaso dituzte, eta horien artean bildutako perfil ezberdinak nabarmendu ditu Añorgako bertsolariak; “literatura beti izan da jardun bakarti samar bat, baina Koldo Mitxelena jende hori guztia bildu du, eta biltzen jarraitzen du. literatur zalea dena arraro gisa ere hartzen da gaztaroan, baina lehiaketa honek jende hori guztia biltzeko eta indartzeko balio du”.
Gaztelumendik sarritan irabazi du lehiaketa, bere bertsoekin gehienetan; “ipuin batekin ere irabazi nuen behin, eta beste behin komiki bat aurkeztera animatu nintzen baina ez zuen arrakasta handirik izan”, esan du Gaztelumendik umorez.
Lan sarituen liburuska
Koldo Mitxelena literatur lehiaketaren ibilbidea “luzea eta oparoa” izan dela esan du Txapartegik. Eta uzta hori biltzeko, 25 urteetako lan saritu guztiak jasotzen dituen liburuska bat argitaratu dute, eta Donostiako ikastetxe guztietan banatuko dute.
Jendartean eta gizartean gertatzen ari diren aldaketak ikusirik, Euskara Zerbitzuak lehiaketaren inguruan hausnartzeko asmoa adierazi du, beharrezko aldaketak egin eta lehiaketaren helburu nagusiei egoki erantzuteko; hots, euskarazko literatura eta sormena sustatzen jarraitzeko.
Koldo Mitxelena literatur lehiaketako sari banaketaz gain, Auzoka bideo lehiaketako sariak ere banatuko dituzte igandean.