Gipuzkoako Bolatoki Txapelketa jokatuko dute Altzan
Euskadiko lehiarako sailkatzea jokatuko dute 36 partaidek larunbateko lehian.
Gipuzkoako Bolatoki Txapelketaren lekuko izango da Altza, larunbatean. Gipuzkoako Bola eta Toka Federazioak antolatzen du lehia, urtero bolatoki desberdin batean, eta egun bakarrean jokatzen dute. Bertan parte hartzeko denboraldi guztiko tiraldiak kontuan hartzen dituzte, eta Euskadiko txapelketarako sailkatzea jokoan egongo da. Guztira, 36 tiratzailek parte hartuko dute, 31 gizonek eta 5 emakumek.
Zehazki, 8:30ean zozketa egin ostean, 9:00etan hasiko da txapelketa. Antolatzaileen arabera, 10:30ean bukatuko dute lehen itzulia, eta atsedenaldia eta hamaiketakoa egin ostean, 11:00etan ekingo diote bigarren itzuliari. Hala, 13:00etan bukatuko da txapelketa, eta 14:00etan elkarrekin bazkalduko dute partaideek eta ordezkariek. Ondoren, 16:30ean, sari banaketa egingo dute.
Aurten, gainera, lehen aldiz, haurrentzako bolatoki mugikorra jarriko dute, jaia zabaltzeko asmoz.