Lehia eta ibaiaren garbiketa batuko ditu Garbibai jarduerak
Olatu Talkarekin bat eginez, Urumea Gondolin Race egingo dute hirugarren urtez, eta edonork parte har dezake.
Urumea era dibertigarrian garbitzea da Garbibairen helburua, eta aurreko bi urteetan erronka gainditu ostean, berriro ere lanerako prest da. Olatu Talkarekin bat eginez, duela bi urte egin zuten lehen aldiz Urumea Gondolin Race, eta aurten ere ez dute hutsik egingo, maiatzaren 24an eta 25ean. Bi egunetan egingo dute jarduera; lehen egunean, gondolin lasterketa berezia egingo dute, ibaia garbituz, eta bigarrenean, ibaian barrena topatutako zikinkeria erakutsiko dute. Ehun lagun inguruk parte har dezakete lasterketan, eta gogoa duen edonori zuzendua dago, ez baita beharrezkoa aurrez gondolinean ibiltzen jakitea. Garbibairen webgunearen bidez egin daiteke izen ematea, 25 euroren truke. “Garbibaik asmatu egin du. Lehian, garbiketa eta abiadura batu ditu, kultura eta artea beste era batera biziz, era partehartzailean gainera. Sentsibilizazio kanpaina gutxi izaten dira hain dibertigarriak eta eraginkorrak”, aipatu du Donostia 2016ko Iker Tolosak gaurko aurkezpenean.
Urumean barrena 13 kilometroko ibilbidea taldeka egingo dute partaideek larunbatean, 7:00etan hasita. Helmugara azkar iristeaz gain, ahalik eta zabor gehien biltzea izango da helburua. Gainera, abiaduraz gain, topatutako materialen orijinaltasuna ere kontuan izango dute. Azken batean, kirolaren aitzakiarekin, ingurumena zaintzea da antolatzaileen nahia. Lehian parte hartzeko jarritako dirua, gainera, elkartasunerako erabiliko dute. Izan ere, jasotako diruarekin, udan Euskal Herrira etorriko diren haur saharauiarrei gondolin ikastaroak emango dizkie Gondolin Klubak. Igandean, berriz, 11:00etatik 19:00etara, bildutako materialak erakusgarri jarriko dituzte, Alderdi Ederren, Urumearen egoera gizarteratzeko. Aurkezpenean aipatu dutenez, aurreko urteetan eskiak, notaritza bateko agiriak, bizikleta bat, pistola bat, supermekatu bateko gurditxoa… eta halako materialak bildu izan dituzte.
Informazio gehiagorako inscipciones@garbibai.org posta elektronikora idatz daiteke.