Maiatzaren 31n omenduko dituzte frankismoaren biktimak
Donostiako Udalak altxaldi frankistan eta ondorengo urteetan exekutatu zituzten herritarrak omentzeko ekitaldia egingo du maiatzaren 31n. Horrekin batera, Goikoa Jauregiaren aurrean Dual deituriko eskultura jarriko dute; “frankismoaren biktima donostiarrak oroitu eta aitortza egitea” du helburu eskulturak.
Omenaldia, 12:00etan hasiko da. Donostiako alkate Juan Karlos Izagirrek, udaletxeko udalbatza aretoan hartuko ditu exekutatuak izan ziren herritarren senideak, oroimen historikoaren arloko elkarteak eta gainontzeko gonbidatuak. Ondoren, musika emanaldi bat eta garai hartako uneak islatuko dituen ikus-entzunezko bat eskainiko dituzte. Dantza saioa batekin amaituko dute omenaldia.
Jarraian, udal txistulariekin batera, udaletxetik Goikoa Jauregiraino joango dira senide, gonbidatu eta gainerako parte hartzaile guztiak. Lore eskaintza egingo dute, eta eskultura agerian utziko dute Juan Karlos Izagirre alkateak eta senideetako batek.
Aitortzaren eskultura
Amaia Mateos eta Tomas Villanuevak egin dute Dual eskultura. Bakearen eta Giza Eskubideen Etxeak frankismoko biktimak omentzeko antolatu zuen ideien lehiaketa irabazi zuen lan honek. Korten altzairuz eta polikarbonatoz egindakoa da, eta fusilatutako herritarrak oroitzeko 400 zulo dauzka.
Omenaldian parte hartu nahi duten pertsonek Udaleko Giza Eskubideen saileko 943 481 975 telefonora dei dezakete, edo bakearenetxea@donostia.org helbidera mezu bat bidali dezakete.