Udaltzaingoaren barruan bitartekaritza unitate bat abian jartzeko eskatu du EAJk
EAJk eskatu dio udal gobernuari abian jar dezala duela urtebete sortzekotan gelditu zen bizilagunen arteko liskarretan bitartekaritza egiteko Udaltzaingoaren unitatea. Bitartekaritza unitatea tokiko udaltzaingoei bizilgunen arteko liskarrak konpontzen laguntzen dien bitarteko bat da, liskar horiek prozesu penal edo administratibo bihur daitezen ekiditen duena. Beste hiri batzuek horrelako unitateak abian jarri dituztela azaldu du EAJko zinegotzi Martin Ibabek. “Unitate hauek aldez aurreko jarduerak eta gertuko poliziarenak egitea ahalbidetzen dituzte; gainera, elkarren kontra dauden hiritarren arteko bitartekaritza lanak eginez, bizikidetza bultzatzen dute”, nabarmendu du.
“Duela urtebete Udalbatzarrean mozio bat aurkeztu genuen udal gobernuak bizilagunen arteko liskarrak konpontzen laguntzeko unitatea sortzeari ekin ziezaion eta, azkenean, udal gobernuak sortuko zuelako konpromisoa hartu zuelako erretiratu egin genuen. Urtebete beranduago, ordea, ez dakigu ezertxo ere gaiari buruz. Beste behin ere Bilduk agerian utzi du hartzen dituen konpromisoek ez dutela hutsaren hurrengo balio. Okerrena da urtebetea galdu dugula eta denbora horretan unitate hori abian egon zitekeen, eDonostiako hiritarren zerbitzura”, adierazi du Ibabek.
Honela gauzak, EAJk udal gobernua interpelatu du jakiteko zer dela-eta ez dion heldu duela urtebete hartutako konpromisoari. “Udaltzaingoan egiten ari den birrantolaketa prozesuak eskaintzen du bitartekaritza unitatea bezalako bitarteko bat abian jartzeko parada, eta Donostia galtzen ari da aukera hori; unitate horrek beste hiri batzuetan egiten ari den prebentzio lan garrantzitsua egitea ahalbidetuko luke”, erantsi du Ibabek.