Kofradiako kideek talde argazkia atera dute. (Argazkia: Aritz Sorzabal)
Sardiñerak, Xibaro 77+, Moko, Eskifaia, Pirata Bihurriak, Aingura… eta orain Kalepoza. Hauek dira Donostiako Piraten baitan momentuz sortu dituzten zazpi kofradiak. Azkena, aipatutako Kalepoza, larunbata gauean aurkeztu dute Trinitate plazan, talde berriaren auzoaren bihotzean. Izan ere, Parte Zaharreko bizilagun talde batek bultzatutako kofradia da Kalepoza, eta datorren Aste Nagusiari begira dago jada. Izan ere, aurkezpenean, aurtengo jaietan antolatuko dituzte jarduera batzuen berri eman dute: Urgulletik igaroko den krosa, hochey tailerrak haurrentzat, playback lehiaketa bat eta txupinazo alternatibo bat, Urgulleko ikurrina dagoen lekuan, Piraten txupinazoa baino lehenago.
Kofradia berriko kide Inaxio Oiarzabalek eta Kattalin Ansorenak jakitera eman dituzte taldearen ezaugarriak. Kofradiaren kolorea arrosa fuksia izango dela aurreratu dute, eta jende guztiari irekia dagoela adierazi dute, beti ere izena ematen dutenek gutxieneko inplikazio bat izanez gero. “Talde irekia da, baina talde konpromiso bat eskatzen dugu, baita gurekin gauzak egiteko gogoa izatea ere. Jarduera guztietara joatea ez da derrrigorrezkoa izango, baina bai eskatzen dugu talde kontzientzia izatea”, azaldu du Oiarzabalek. “Etorkizunean jarraitzeko asmoa dugu, ez da aurtengo kontu bat izateko jaio. Denon artean ikusiko dugu nola doan taldea, baina epe luzerako talde bat izateko sortu dugu”, esplikatu du.
Oiarzabalek gogoratu du Donostiako Piratak duela hamabi urte sortu zutela, su artifizialak eta musika kontzertuak baino haragoko Aste Nagusi bat izateko helburuarekin. Abordaia handituz eta handituz joan zen, baita Piraten eskaintza ere. Horrenbestez, jai alternatiboak hamabost lagunekin soilik antolatzea ezinezkoa zenez, kofradiak sortzeko erabakia hartu zuten Piratek, bakoitzari gustatzen zaizkion jarduerak antolatzeko aukera emateko, bakoitzak gustuko duen arloan. “Gazteei zuzendutako jai bat zena, jende guztiari irekita dagoen festa izatera pasa da: helduak, haurrak…”, esan du Oiarzabalek, eta kofradia guztiak koordinatzeko Ontziola izeneko mahaia sortu berri dutela jakinarazi du. Hain zuzen ere, maiatzaren 31n, 9:00etan, bilera bat deituta dago. Bertan, kofradia bakoitzak datorren Aste Nagusirako prestatuta duen egitaraua aurkeztuko du.
Kattalin Ansorenak, bere aldetik, Kalepoza kofradiaren izena nondik datorren azaldu du. “Bizipoza gure lema da, eta Kale Lagunak auzotarrek oso barneratuta duten hockey talde bat da. Kale eta poza bateratuta etorri da izena. Arrosa fuksia, berriz, poza islatzen duen kolorea delako eramango dugu”, esplikatu du. Izena emateko bi modu proposatu ditu: aurkezpenera eraman zituzten eskuorriak betez edo
kalepoza@gmail.com emailera idatzita. Twitter eta facebook kontu bat asteburu honetatik bertatik izango dutela jakinarazi du.
Azalpen hauek guztiak emanda, lunch bat egin dute Trinitate plazara hurbildutako lagunek. Lehenago, bideo bat ikusi dute, kofradia berriak egindako musika eta leloekin. “Zuentzako da kalepoza”, diote bideoaren bukaeran.
-
-
-
-
Kofradiako kideak, aurkezpenean proiektatutako bideoa ikusten. (Argazkia: Aritz Sorzabal)
-
-