Grosen jarri diete zigilua edukiontzi berdeei. (Argazkia: Aritz Sorzabal)
Donostiako Hondakinen Bilguneak ekintza sinboliko bat egin du Grosen, biriziklatzea aldarrikatzeko helburuarekin. Hain zuzen ere, Groseko bi puntutan dauden bost edukiontzi berdeak zigilatu ditu, herritarrek zaborra bertan bota ez dezaten. Ekintza honekin edukiontzi berdearen eta egungo hondakin bilketa sistemaren “eraginkortasun eza”salatu nahi izan dute, azken bi hilabeteetan egindako beste ekintzen jarraipen gisa. Izan ere, beste batean edukiontzi berdeak ireki zituzten bertan zegoen zaborraren ezaugarriak ikusteko. Hori egin eta gero, frogatuta utzi zuten edukiontzi berdeetan pilatutako hondakinen %80-%90 birziklagarriak zirela; alegia, herritar askok ez dituztela hondakinak sailkatzen. “Donostiako Udalean 2016rako %60 birziklatze tasa lortzeko helburuarekin akordio bat adostu zuten, baina tasa horietara iristea ez dago bermatuta, borondatezko birziklatzea ez delako irtenbidea”, azaldu dute Donostiako hainbat auzo elkartek eta hondakinen arloko zenbait eragilek osatutako bilguneko kideek.
Grosen edukiontzi marroiak badaudela adierazi dute, baina berdeak dauden bitartean herritar askok ez dutela arduraz jokatuko esan dute. “Borondatezko izaera duen sistema batetik derrigorra eta identifikaturik izango den sistema batera pasatu behar dugu. Tasa txiki hauek handi nahi baditugu, denon konpromisoa beharrezkoa da. Etxe bakoitzean norberak bereizi, banandu, sailkatu behar du; birziklatzea herritarron eskubidea eta beharra baita”, erantsi dute.