2.800 pertsona baino gehiagok jo dute lehen aldiz gizarte zerbitzuetara
Gizarte laguntzetara bideratutako 2013ko udal gastua hiru milioi eurokoa izan da.
Gizarte Ongizateko zuzendaritzak osatu duen 2013ko memoria aurkeztu du gaur Jon Albizu zinegotziak. Pertsonen alde eta krisiaren ondorioak arintze aldera, Donostiako Udalak “pertsonen aldeko apustu garbia” egin duela adierazi du. Izan ere, egoera ekonomikoa kontuan hartuta, erakundeek ahalegin handiagoa egin behar izan dute, gizarte zerbitzuetara jotzen duten familiei laguntza eskaintzeko.
2012tik 2013ra bitartean araudi aldaketa gutxi egon direnez, artatu dituzten pertsona kopurua ez da gehiegi hazi, eta iaz 13.124 pertsona hartu zituzten gizarte zerbitzuetako zentroetan. Horietatik 2.878 jo dute lehen aldiz gizarte zerbitzuetara.
Igoera handiena gizarteratzeko laguntza ekonomikoan izan da. 2012. urtearekin alderatuta, datu aipagarriak daudela azaldu du Ongizate zinegotziak. “Gure inguruan lana lortzeko dauden arazoei lotutakoa da gizarteratzeko laguntza. Ohiko etxebizitzari eutsi ahal izateko bideratzen diren diru laguntzak dira, alokairuak ordaintzeko edo etxebizitza maileguei aurrera egiteko, bereziki”. Diru sarrerak bermatzeko errentan, adibidez, 2012an ez ziren 4.000 familiatara iristen, eta 2013an 4.400 familia baino gehiagok eskatu zuten laguntza; beraz, %12ko hazkundea egon da.
Bestalde, Gizarte Larrialdietarako Laguntzak osatu dituztela adierazi du. “Eusko Jaurlaritzaren menpe dauden laguntzak dira, baina falta zen diru hori udaletik jarri dugu”. Hortaz, udalak 628.945 euro jarri ditu gizarte larrialdietarako laguntzetan, 2.322 familiei lagundu ahal izateko.
Horrekin lotuta, udalak jarritako diru laguntza bereziei ere erreparatu die Albizuk, eta 2011tik gaur egun arte jarri duten dirua %200 hazi dela azaldu du. “Nahiz eta egoera ekonomikoa oso larria izan, gure helburu nagusia pertsonak dira, eta ukaezina da udal gobernuak pertsona horien beharrei aurre egin diela”. Honela, Donostiako Udalak hiru milioiko ekarpena egin du.