Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatea gaur goizean egindako prentsaurrekoan. (Argazkia: Lide Ferreira)
Donostiako alkate Juan Karlos Izagirrek Kutxabankek azkenaldian jarraitu duen norabidearekin kezkati azaldu da gaur goizean egin duen agerraldian. Kutxabank hiru kutxek bat egin zutelako sortu zela gogorarazi du. “Kutxa horiek erakundeek sortu zituzten eta herritarren ekarpenekin mantendu dira”. Horregatik, ezaugarri horiek izaera publikoa ematen diote Kutxabanki, “jatorrian zein egin beharko lituzkeen politiketan”. Euskal Herriak bere sistema finantziero publikoak behar dituela esan du, ekintzaileak sustatzeko, erakundeekin lan egiteko eta politika sozial publiko eta estrategiko bat aurrera eramateko.
Dena den, duela zenbait hilabete Kutxabanken pribatizazioaren inguruan hitz egiten ari dira, eta bankua hartzen ari den norabide eta erabakiekiko kezka erakutsi du Izagirrek. “Garbi daukagu ezin dela esku pribatuetan utzi, Kutxabankek publikoa izan behar du eta herritarren interesei interesei erantzun behar die”. Horrekin lotuta, Kutxabankek aurrera eramandako politikek donostiarren artean izan duten eragina azaldu du Donostiako alkateak zenbait adibideren bitartez:
– IRPH bezala ezagutzen den indizearen ordez, azaroaren 1etik aurrera beste batzuk aplikatu behar zituen Kutxabankek. Horren aurka, zenbaitek helegitea aurkeztu zuten, eta sententzia euren aldekoa izan zen. Hala ere, Kutxabankek sententzia hori errekurritzeko intentzioa duela azaldu du Izagirrek, “herritarren aurka”. Horrenbestez, udal gobernuak epaia betetzeko eta interes berriak aplikatzeko eskatu dio.
– Bestalde, bankuak kaleratzeen politika egiten duela salatu du. “Donostian oraindik ez du horrelakorik aurrera eraman, baina guk ezin dugu babestu, are eta gutxiago zenbat etxebizitza dituen hutsik jakinda”.
– Gainera, Kutxak Donostiarekin duen konpromisoa ez duela betetzen ziurtatu du. Izan ere, “Tabakalerari 1.645.000 euro zor dizkio; Viktoria Eugeniaren iazko zorra oraindik ez du kitatu (45.000 euro); Kursaalean ere 71.000 euro jarri behar zituen 2013an, eta bakarrik 45.000 jarri ditu”.
– Kursaala handitzeko proiektuan ere, Bilduren ustez, ez zuen ongi jokatu. Kursaal eta Kutxaren kuboa lotzeko proiektuari ezezkoa eman zion, eta horrek kongresu handiak ekartzea eragozten duela aitortu dute.
– Etxebizitza publikoa birkalifikatzen saiatu omen da Kutxabank, “etxebizitza horiek librera pasaz, eta etekin gehiago edukitzeko”. Udalak birkalifikazio horri ezetz esan zionean, Goienetxeko etxebizitzen finantziazioari uko egin zion bankuak.
Hortaz, Juan Karlos Izagirrek, Kutxako fundatzailearen Donostiako Udalaren ordezkari gisa, azken ehun urtetako kutxa nahi dutela esan du, eta izaera hori mantentzeko exijitu dio Kutxabanki, “helburu sozialak berreskuratzea eta herritarrekin duen konpromisoa betetzea”, hain zuzen ere.