Eneko Goia, EAJko bozeramailea. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Eusko Jaurlaritzarena da eskumena, eta onartua du Aietek osasun etxe bat behar duela. Orain, kokalekua zehaztea faltako litzateke. Gaur egun, Donostiako Udalak 12 lursail eskaini dizkio Jaurlaritzari, egokiena aukera dezan.
Jeltzaleentzako, ordea, eskaintza hori ez da nahikoa; “Udal gobernuak gehiago inplikatu beharra dauka Aieteko osasun etxearen auzian. Eusko Jaurlaritzak antzeko eskaera ugari ditu, eta udalaren inplikazio mailaren arabera, zerrenda horretan aurrera edo atzera egin daiteke; hiriarentzako zerbitzu bat da, beraz, geu gara interesatuak eta erraztasunak jarri behar ditugu”, esan du Eneko Goia, bozeramaile jeltzaleak, eta udal gobernuaren “pasibitatea” salatu du.
Hamabi lursail jarri dituzte mahai gainean, eta kokalekuaren arabera, Jolastokietakoa litzateke aukerarik egokiena osasun etxe berria egiteko. Hala ere, Goiak jakinarazi duenez, “auzotarrek ez dute aukera hori babesten. Udal gobernuaren parte hartze prozesuaren baitan Aieten egindako bileretan herritarrek argi adierazi zuten, Jolastokieta leku egokia dela, baina orain ematen zaion erabilera oso aberasgarria dela auzoarentzat, eta ez dutela galdu nahi”.
Zinegotzi jeltzaleak jakinarazi duenez, Oblatasko moja komentua da auzotarrek proposatzen duten irtenbidea, baina, “udal gobernuak ez du kudeaketa horretan aurrera egin”.
Komentuaren aukera, 12 lursailetatik kanpo dago. “Jaurlaritzako teknikariei eraikina kanpotik erakustea da udal gobernuak eman duen pauso bakarra”, salatu du Goiak. Bere esanetan, “harrituta” daude udal gobernuaren jarrerarekin, eta mozio bat aurkeztuko dute datorren asteko udalbatzarrean, Aieteko osasun etxearen aferan gehiago inplikatu eta euren jarrera zehazteko eskatuz.