Burubeltz konpartsako erraldoiak aurkeztu dituzte. (Argazkia: Lide Ferreira)
Nazioarteko Kultur Aniztasunaren egunaren harira, maiatzaren 31n eta ekainaren 1ean Euskal Herria 11 Kolore mugimenduak jaia antolatu du. Bertan izango dira Donostiako Piratak ere, bigarren urtez. Piraten Burubeltz konpartsak maiatzaren 31n ospatuko duten 11 Danbor Martxa animatuko du gaur eguerdian aurkeztu dituen bost erraldoi berriekin.
Erraldoi guztiek burubeltzen burua duten arren, bakoitzak kontinente bat ordezkatzen du eta kolore desberdinak erabili dituzte hori erakusteko: Asia, Afrika, Amerika, Ozeania eta Europa. Gainera, erraldoi bakoitzak hamabi lagunez osatutako tribu bat izango du. Batiste Ezeiza Piraten kideak IRUTXULOKO HITZAri azaldu dio iazko erraldoiek ez zutela “oso ongi funtzionatu”, eta horregatik aurtengoen berezitasuna da txikiagoak direla.
11 Danbor Martxak maiatzaren 31n Erdialdeko kaleak zeharkatuko ditu, eta Alderdi Ederren bukatuko dute ibilbidea. Bertan, Lekeitioko Deabruen suzko ikuskizunaz gozatzeko aukera egongo da.