Eduardo Txillidaren 130 obra inguru jasoko ditu 'Bideak' erakusketak
Artista donostiarraren lanak haren familiak utziko dizkio Kutxari, Kubo aretoan jartzeko.
Kubo aretoak hiriari ezin lotuagoa dagoen erakusketa bat zabalduko du laster. Hain zuzen ere, Eduardo Txillida zenaren obrekin osatutako ‘Bideak’ erakusketa jarriko dute, ekainaren 19tik irailaren 30era. Familiak utzitako 130 lan ingururekin beteko dute aretoa, horietatik 40 bat eskulturak izango dira, eta gainontzekoak, artistak paperean egindako zirriborroak. Ignacio Txillida da erakusketaren komisarioa, Eduardoren semea, eta Kutxako Carlos Ruizekin batera aurrerapen prentsaurrekoa eskaini du, gaur goizean. “Udara donostiarraren erakargarrietako bat izatea nahi dugu, eta 100.000 bisitari izatera iristea”, aipatu du Ruizek. Ez da nolanahiko erronka Ruizek proposatzen duena, baina 1992tik hirian ez dela Txillidaren halako erakusketa garrantzitsurik egin gogorarazi dute.
Aretoa ezagutzen zuen arren, erakusketaren antolaketa erabakitzeko garaian bisitatu zuenean, segituan ideiak oso argi izan zituela aipatu du Ignacio Txillidak. Hala, hiru gune handi banatuko dituzte: lan publikoa eta grafismoari buruzkoa; 1950 eta 2000 urteen artean Txillidak utzitako Aztarnak; eta Haizearen Orraziari eskainitako gunea. Azken batean, erakusketak artista donostiarraren alderdi hurbilena eta gizatiarrena agertu nahi du. Bere ingurunearekiko kezkatua zegoen artista, giza eskubideen eta ingurumenaren alde borrokatzen zuena. Erakusketaren harira, Kubon ohikoak izaten diren tailerrak eta jardunaldiak egingo dituzte, eta katalogo bat ere osatzen ari dira.
Erakusketarako obrak garraiatzeko bi gauez zirkulazioa moztu beharko dute, Kursaal inguruan. Izan ere, eskultura pisutsuak eraman beharko dituzte. Honela banatuko dute Kuboko erakusketa:
Lehenengo aretoa. Txillidaren ezaugarria: Monumentu publikoak eta grafismoa. Gizartearekiko zuen konpromisoa azalduko du. Txillidaren monumentu publikoak eta hainbat kausa eta erakunderentzat diseinatu zituen irudiak bilduko dituzte, anagrama eta karteletan.
Bigarren aretoa. Aztarnak. 1954 eta 2000 urteen arteko lanak bilduko dituzte bertan. Orduan zizelkatu zuen Txillidak Homenaje a Pili monumentua. Lan horren ahalik eta ikuspegirik osoena eskainiko dute. Collageak, marrazkiak, grabatuak, altzairuzko, alabastrozko eta lurrezko eskulturak… bere sorkuntza-unibertsoan sartzeko aukera izango da.
Hirugarren aretoa. Haizearen Orrazia. Txillidaren lanik esanguratsuenari eskainiko diote azken aretoa, Haizearen Orrazia. Harkaitzei itsatsitako altzairuzko hiru forma sendok osatzen dute. Ignacio Txillidaren esanetan, Donostiako monumentua bere aitak egindako hamabosgarren Haizearen Orrazia izan zen. “Nire aitaren Donostiako lekurik gogokoena zen. Beti egin nahi izan zuen zerbait bertan”, azaldu du Ignacio Txillidak.
Eduardo Txillida 1924an jaio zen Donostian, eta 2002an hil zen. Bere eskulturengatik eta materiala eta espazioa kudeatzeko zuen trebetasunagatik igaro da historiara. Bere lanak nazioarteko museoetan barrena banatuak daude. Donostian bere sei obra daude, horien artean ezagunena, Haizearen Orrazia; baina hiri gehiagotan ere ikus daitezke bere obrak, Parisen, Munsterren, Madrilen eta Mallorcan, besteak beste.