mediaBost eta mediaSEI projects enpresek antolatu dute krosa, bigarren urtez jarraian, ekainaren 1erako.

Aspanogiko Conchi Guereño eta Nekane Lekuona, Medibost enpresako Aitor Gabiña eta Gipuzkoako Atletismo Federazioko Mikel Odriozola, Fnacen egin duten aurkezpenean. (Argazkia: E. Zabala)
Urumea ibaiak hirian duen ibilbidean barrena korrika egiteko aukera egongo da ekainaren 1ean. Izan ere, bigarren urtez jarraian, Ibaia 5mi/8km Urumea lasterketa egongo da jokoan, mediaBost eta mediaSEI projects enpresen eskutik. Urumea ibaiari omenaldi bat egin nahi diote antolatzaileek lasterketaren bidez, eta kirol jarduera bat izateaz gain, egunpasa egiteko aitzakia izatea nahi dute. Iaz 500 partaide izan zituen lasterketak, eta antolatzaileek aurten ere gutxienez kopuru horretara iristea espero dute. Momentuz, 200 lagunek eman dute izena, eta oraindik ere epea zabalik dago,
Kirolprobak webgunean, maiatzaren 31 arte. Aurten, gainera, Gipuzkoako Atletismo Federazioak homologatu du ibilbidea, eta lasterketarekin bildutako diruaren zati bat
Aspanogi elkartearentzat izango da (Gipuzkoako haur minbizidunen guraso elkartea).
Zehazki, Frantzia pasealekutik abiatuko da lasterketa, eta ondoren, zortzi kilometroak osatuz, honako ibilbidea izango du: Urumea pasealekua, Realaren zubia, Bizkaia pasealekua, Loiolako Erribera, Mikel Laboa pasealekua, Egia Parkea, Mandasko Dukea, Kalkutako Teresa plaza, Frantzia pasealekua, Santa Katalina zubia, Foruen pasealekua, Gernikako arbolaren pasealekua, Agirre Lehendakariaren zubia (itzulia eman), Urumea pasealekua eta Frantzia pasealekua.
Lasterketa nagusia 10:00etan hasiko da, baina horren aurretik, 09:30ean, haurrentzako 100 metroko lasterketa antolatu dute. Gainera, aurten, lehen aldiz, ibilbidea oinez egiteko aukera ere emango dute.
Ibaia 5mi/8km Urumea:
- Txip horia: 5 euro
- Txip txuria: 6 euro
- Haurrak: euro 1
- Oinezkoak: 2 euro