Ikasleak eta agintariak aurrez aurre jarri dira, kontsumo jasangarriaren inguruan eztabaidatzeko

Ikasleek euren proposamenak egiteko aukera izan dute, udalbatza aretoan. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Kontsumo jasangarria gai zabala dela onartu dute, baina atalka aztertu dute. Ikasleek, kontsumo ereduen aldaketa nabarmendu dute: kontsumismoa, moda joerak, marken garrantzia, multinazionalen kontrola…Baina baita tokian tokiko eta garaian garaiko merkataritza, bidezko merkataritza, eta oinarrizko baliabide naturalak ere.
Alkateak ikasleen prestutasuna txalotu du, eta guztiak zoriondu ditu “kontsumo jasangarriaren kontzientzia” garatzeagatik.
Kontsumo ereduak aldatzeko neurri zehatzak eskatu dizkiete ikasleek agintariei. Bigarren eskuko azokak sustatzea, bertako ekoizleei baliabide gehiago eskaintzea ikusgarriagoak izan daitezen edo hondakinen prebentzioan sentsibilizazio kanpainak indartzea, esaterako.
Nora Galparsorok aintzat hartu du ikasleen proposamen zehatz bat, jostailu bilketa bat egitea, hain zuzen ere, eta ideia garatzeko konpromisoa hartu du.
Ikasturte osoko lanketaren ondoren, ikasleek ere hainbat konpromiso hartu dituzte; kontsumo jasangarriaren alde eskolan, etxean nahiz lagunartean neurri txikiak hartzeko konpromisoa.


