PPren arabera, Aemet-ek eta Kosta ordezkaritzak erabiliko dute eraikina
Ramon Gomez, PPko bozeramailea “harrituta” agertu da sozialisten adierazpenekin; “Herritarrei aukera faltsuak eskaintzea ez da justua; Espainiako Gobernuak argi adierazi du Pio XII.aren plazako eraikina beste behar batzuetara bideratzeko asmoa. Udalbatzarrean ere aipatu genuen, eta Gobernu ordezkariarekin hitz egin ondoren berretsi dezaket, Aemet-ek eta Kosta eta Ingurumen ordezkaritzak erabiliko dituztela Pio XII.eko bulegoak”.
Hortaz, eraikina ez dagoela hutsik eta aurrerantzean ere ez dela hutsik egongo nabarmendu du Gomezek. Jabetzari dagokionez, Espainiar Gobernuak ez duela eraikina Udalari itzultzeko inongo beharrik adierazi du zinegotzi popularrak. Gomezen esanetan, legearen arabera, eraikin bat 30 urtez erabiltzen bada, jabetza eskubidea erabiltzailearena da.