Bidebietako eta Parte Zaharreko auzoetxeak bideratzeko lehen pausoa eman dute
Eusko Jaurlaritzari eskaera egin dio Udal Gobernu Batzarrak, bi auzoetako eraikin banari hezkuntza-atxikipena kentzeko.
Auzoenea Akordioa garatu berri dute. Azken batean, auzolana eta parte hartzea sustatuz, auzoa eraikitzea dute helburu. Hala, Eskola Horia moduan ezaguna den eraikinaren beharra ikusten dute, auzoetxe bihurtu eta erabilera sozio-kulturala emateko. “Ez dugu biltzeko gune bat eskatzen, gune sozio-kultural bat baizik, auzoaren beharrei erantzuna emateko”, aipatu du Bidebietako Josu Lonbidek. Joan den larunbatean, gainera, eraikinaren ateak zabaldu zituzten, bidebietarrek bisita zezaten, eta oso une hunkigarriak bizitu zituzten Lonbideren esanetan. Izan ere, garai bateko haur eskola izan zen eraikin hura.
Parte Zaharreko auzotarrek, berriz, duela bi urte sortu zute Parte Zaharrean Bizi auzo elkartea, eta ordutik, gogor lan egin dute bizilagunen eskubideen alde. “Auzo elkarte baten lanetik haratago joan da Parte Zaharrean Bizi bi urte horietan. Egindako lanari esker, Haur Txokoa eta Gazte Topagunea lortu ditugu”, azaldu du Parte Zaharrean Bizi elkarteko Xabier Arberasek. Hala, Haur Txokoak 70 gurasoren auzolanari esker funtzionatzen duela azaldu du, eta Gazte Topagunean, berriz, 20 guraso aritzen direla txandaka lanean. “Praktikak erakutsi digu pertsonak garela aldaketarako tresna egokiena. Auzoan oinarritik eraikitzen hasi behar ginen”, gehitu du Arberasek. Hala, auzoetxea Parte Zaharrean proiektu sozial bat eraikitzeko beharrezkoa ikusten dute, eta hainbat elkartek bat egin dute eskaera egiteko: Herria, Kaiko Jai Batzordea, euskara elkartea…
Oraindik ez dakite eskaera noizko izan daitekeen onartua, baina Jakak lehenbailehen izatea nahi duela aipatu du.
Bidebieta eta Parte Zaharreko bizilagunak pozik egoteko moduan daude. Izan ere, Eusko Jaurlaritzari eskaera egin dio udal gobernu batzarrak, auzo horietako eraikin banari hezkuntza-atxikipena kentzeko. Hala, eraikin horiek auzotarren gozamenerako erabiliak izatea nahi dute, auzoetxe bihurtuz, auzotarrek eskatu moduan. Axier Jaka Partaidetzako zinegotziak prentsaurrekoa eman du gaur goizean, Bidebieta eta Parte Zaharreko hainbat bizilagunekin batera, guztiaren berri emateko. “Udalak ongi ikusten du auzotar guztiei irekitako proiektuak egotea, eta horregatik egin du atxikipenak kentzeko eskaera”, adierazi du Jakak.
Zehazki, honako eraikinei dagozkien hezkuntza-atxikipenak kentzeko eskaera egin du udalak: Bidebietako Eskola Horia deritzon Institutuaren eraikina, eta Kanpandegi kaleko Orixe ikastolaren eraikin ohia. Bidebieta Institutuko eraikina 2006tik dago inolako erabilerarik eman gabe, eta Orixe ikastolaren eraikin zaharra, 2010etik. Jakak nabarmendu duenez, udalaren bi helburu beteko lirateke eskaerak onartu ezkero: Batetik, ez dadila egon erabilerarik ez duen ondare publikorik, eta bestetik, eraikin horien erabilera auzotarren mesederako izatea.
Gainera, Jakak gogorarazi du, 2011ko Auzo eta Herriak Donostia Indartzen prozesu parte hartzailearen baitan, Bidebietako eta Parte Zaharreko auzotarrek proiektu sozialak garatzeko espazioak eskatu zituztela. “Aurten eskaera zehatzagoa izan da”, gehitu du Jakak.
Eskola Horia eta Orixe ikastola
Bidebietan, auzoko elkarte eta eragile sozialekin batera,