Plaza Haundi izango da Egia Euskaraz jaiaren erdigunea.(Argazkia: Agurtzane Altuna)
Bi urtez behin ospatzen dute egiatarrek Egia Euskaraz Eguna, eta bihar egingo dute aurtengo ospakizuna. Egiako Euskara Batzordeak auzoko beste hainbat eragilerekin batera antolatzen du jaia, eta auzoa girotzearekin batera, euskararen erabilera sustatzea dute helburu. Euskal dantzak izango dituzte ardatz aurtengo Egia Euskarazen. Hala, esaterako, Errenteriako Iraultza dantza taldearen baserritar jantzien erakusketa egongo da ikusgai Egiako kultur etxean, maiatzaren 30a arte.
Plaza Haundi izango da biharko jaiaren agertoki nagusia; hori bai, eguraldi txarra egingo balu, frontoian egingo dute jaia. Musika, tailerrak, pintxoak eta sagardo dastaketa izango dira goiz guztian zehar. Ondoren, elkarrekin bazkaldu eta
Egia ote? lehiaketa egingo dute, 16:00etan. Jolasaren ostean, 16:30ean, gazteek edalontzien kanta eta koreografia egingo dituzte, eta jarraian, Txantxariak taldeak emanaldi bat eskainiko du.
Une bereziena 18:30ean espero dute. Auzotar guztiek batera zazpi jauzi dantzatzea baitute helburu. Erdizka Lauetan taldearen erromeriarekin borobilduko dute euskara eta dantzaren eguna Egian.