Mugi txartela Internet bidez betetzeko aukera egotea nahi du PPk
Datorren asteko udalbatzarrean mozioa aurkeztuko duela azaldu du Iñigo Arkauz zinegotzi popularrak.
“Ez dugu kritikatu nahi, eraiki egin nahi dugu”, hala esan du Iñigo Arkauz PPko zinegotziak gaur goizeko agerraldian. Zehazki, datorren asteko udalbatzarrean bere alderdiak aurkeztuko duen mozio baten berri eman du Arkauzek: Mugi txartela diruz betetzeko Internet bidezko aukera egotea. Arkauzek azaldu duenez, halaxe eskatuko diote Jon Albizu Mugikortasun zinegotziari, udalbatzarrean.
Garraio publikoa ordaintzeko balio duen txartela diruz betetzeko hiru bide daudela gogorarazi du Arkauzek: Kioskoak edo estankoak, Kutxabankeko kutxazainak eta hiriko kaleetan jarritako makina batzuk. Arkauzen ustez, bide horiek guztiek akatsen bat dute edo ez dira nahikoak, beraz, beharrezkotzat jotzen du Internet bidezko aukera egotea.