Pasealeku Berriaren zati handi bat ireki dute
Aquariumetik hasi eta ia biribilgunera arteko bidea egin dezakete oinezkoek; azarotik itxia egon da bidea, denboraleak sortutako kalteen ondorioz.
Donostiar askok espero zuten albistea iritsi da, Pasealeku Berria zabaldu dute, osorik izan ez bada ere. Hirian sekulako kalteak sortu zituen azaroko denborale hartatik itxia zegoen bidea, eta hilabeteetako lanen ostean, obretako hesia kendu eta oinezkoentzat bidea ireki dute. Zehazki, Aquariumetik hasi eta ia biribilgune pareraino joan daiteke, hau da, pasealekuaren bi heren zeharkatu daitezkeela esan daiteke. Nora Galparsoro Hiri azpiegituretako eta Zerbitzuetako zinegotziak komunikabideak bildu ditu gaur eguerdian, Aquarium inguruan, eta bertan eman du albistearen berri. “Dena espero bezala atera da, eta ekaina erdialderako pasealeku guztia zabalik egotea da gure asmoa”, aipatu du Galparsorok. Guztira, 318.000 euroko gastua suposatu dute konponketek.
Urgulleko magaleko bi zatitan izandako lurjauziak ziren denboraldeak pasealekuan utzitako kalterik larrienak. Eurostudios enpresari konponketa bideratuko zuen proiektua egiteko eskatu zion udalak, eta otsailean lanei ekin zieten. Lehen zatiari zegozkien lanak bukatu dituzte, hau da, Aquariuma eta Oteizaren eskulturaren arteko mendi magalarenak. Lurra eusteko, hesi indartsuak jarri dituzte, eta puskatutako baranda eta harrizko hormaren konponketekin aurrera darraite. Hala, herritarrek jada segurtasunez paseatzeko aukera izango duten arren, udaleko brigadako langileak bertan ibiliko dira, lanak guztik bukatu arte.
Argazkilaritza Elkartetik 100 metro ingurura dago konpontzen ari diren bigarren mendi magala, eta kostetako langileek lanean dihardute lanak garaiz bukatzeko.