Manex Ralla, Garazi Gaztaño Fariñas eta Egoitz Ruiz, Altzako hainbat elkartetako ordezkariekin. (Argazkia: Aritz Sorzabal)
Altzako hamahiru elkartetako hainbat ordezkarik agerraldi bat egin dute Herreran. Barrutiari buruz aritzeko Donostiako Udalbatzak 2011n sortutako batzordeak ez duela urratsik eman salatu dute. Hori dela eta, eztabaida berriro kalera ateratzea erabaki dute eta, bide horretan, lan talde iraunkor bat eratu dutela jakinarazi dute, “Altzatik eta Altzarentzat” izango den barruti proposamen bat aurkezteko helburuarekin.
Lan talde iraunkor horretako kide Manex Rallak, Garazi Gaztaño Fariñasek eta Egoitz Ruizek hartu dute hitza, eta Altza izena izan beharko lukeen barrutiari “pisuzko eskumenak” ematea aldarrikatu dute, barrutiaren eraginkortasuna “benetakoa” izateko. Era berean, lurraldetasunari dagokionez, abiapuntua Altza historikoaren eremua izatea eskatu dute, “hau baita egun dugun erreferente bakarra”. Bestalde, barrutia sortzearen oinarrian, ordenantzan, “era antidemokratikoan gauzatutako anexioaren eta zio historikoen aitortza” idatzita geratzea proposatu dute.
Garazi Gaztaño Fariñasek adierazi du hedabideetatik jaso dutela, batik bat, udal alderdi bakoitzaren barrutirako proposamenak, eta proposamen horiek “oso urrun” geratzen direla Altzarako nahi duten barruti ideiatik, “baita bizi dugun errealitatetik ere”. Udalaren zain egoteko asmorik ez dutela aurreratu du, eta gaiari indarrez heltzeko garaia dela esan du. “Horregatik, Altzak zer nahi duen badakielako eta udaletik jasotako proiektu hutsalak gustuko ez ditugulako, lan talde iraunkor bat eratzea erabaki dugu”, azaldu du.
Manex Rallak, aldiz, gogora ekarri du, Udalbatzak eratutako batzordearekin batera, Altzan hamahiru elkarteren babesarekin lan talde bat osatu zutela –Altza XXI Herri Ekimena, Altzako Historia Mintegia, Altzako Gazte Asanblada, Auzoa merkataritza elkartea, Artzak Ortzeok, Aitonen Etxea, Izbe auzo elkartea eta Harripe elkarteek osatuta, besteak beste–. Lan taldeak 2013. urtean idatzi bat erregistratu zuen udaletxean, udalak “egiazko prozesu parte hartzaile eta deszentralizatzaile bat” ahalbidetu zezala eskatzeko. Eskaerak eskaera, ez dutela mugimendurik ikusi kritikatu du. “Barrutiaren gaia jorratzeko eratutako udal batzordeak ez du aurrerapausurik eman. Pasibotasun hau salatuz, Donostiako Udalari erabakiak hartzen has dadin eskatzeko aprobetxatzen dugu”, berretsi du.
Era berean, aitortu du herritarren “desinformazioaz” kezkatuta daudela, eta iragarri du horri aurre egiteko barrutiaren eratze-prozesuaren inguruko sozializazio kanpaina bat abian jarriko dutela. Horretarako, eztabaida-mahai, triptiko, hitzaldi eta esku-orrien moduko baliabideak erabiliko dituzte, “denon artean, Altzaren errealitatea hobetzeko bidean lehen urratsa emateko”.
Egoitz Ruizek, bere aldetik, adierazi du Altzak eskubidea duela bere bide propioa egiteko. “Altzan bizi den pertsona oro jabetuko zen dagoeneko Altza leku berezia dela; Donostiako beste zonaldeekin alderatuz gero, izate zeharo desberdinekoa dugula. Izan ere, historiaz beteriko herri hau, aurreko mendean jasandako hirigintza masibo eta birmoldaketa prozesu larriaren ondorioz, egoera sozio-ekonomiko benetan zaila eta korapilatsua pairatzera behartua aurkitzen da. Horrek guztiak, arrazoi historikoak alde batera utzi gabe, altzatarrok izaera propio bat garatzea bultzatu du, baita gure herria hobetzeko beharra sentitzea ere”, esplikatu du.