Donostiako Sustapena Etxe Zuri eraikinera aldatu da
Jendea artatzeko zerbitzua Erregina Erregentearen kalean, Viktoria Eugenia eraikinean, eta Kamino kalean, Maria Kristina eraikinean, ematen jarraituko du.
Eraikin publiko hutsez baliatzeko estrategiaren barnean, Udalak Donostiako Sustapenaren eraikin berri batera aldatu da; eta, gaurtik aurrera, Etxe Zurin (San Roke kaleko 120. zenbakian) kokatuko da. Hala ere, Viktoria Eugenia eta Maria Kristina eraikinetan dituen bulegoak mantenduko dituzte, jendea bertan artatu ahal izateko.
1983tik 2007ra bitartean Batzar Nagusien egoitza izan zen, eta ezkeroztik ez diote bestelako erabilerarik eman. Horregatik, eta Aldundiarekin adostutako hitzarmenari esker, eraikina hogei urtez lagatzea lortu dute. Akordioaren helburua parke publikoa ahalik eta gehien optimizatzea, eraikinak hutsik eta erabili gabe ez geratzearren. Eraikinaren erdia, beraz, Donostiako Udalarena izango da, eta bertan kokatu dute Donostiako Sustapena, 30 pertsonaz osatutako lan taldearekin.
Lanak duela lau hilabete inguru hasi zituzten, eta guztira 350.000 euro erabili dituzte. Etxe Zuri eraikinaren kanpoaldea mantendu dute, eta ingurumena kontuan hartu dute. Izan ere, geometria, argiztapen eta aireztatze naturala erabili dute, eta klimatizazioa eta garbitzeko ura erredimentu altukoak eta kontsumo baxukoak aukeratu dituzte, besteak beste. Eraikinak hiru solairu ditu: behe solairuan langile teknikoak eta administratiboak daude; tarteko solairuan kontsultarako eta artxiborako gunea dago; eta lehen solairuan bilera gelak daude.
Egoitza berrian Donostiako Sustapenak hiriaren garapen ekonomikoa bultzatzen jarraituko du; eta berrikuntza bultzatuko du, zentro teknologikoen eta unibertsitateen arteko harremana erraztuz.
Euken Sese Donostiako Sustapeneko zuzendariak egin du eraikinaren bisita eta bertaratu diren kazetariei egoitza berriak dituen bulego eta aretoak erakutsi dizkie.