Orixe ikastolaren egoitza zaharrean Lanbide Heziketako zentro berri bat kokatzea proposatu du EAJk
Udal gobernuari ideia berria Eusko Jaurlaritzarekin negoziatzeko eskatu dio talde jeltzaleak.
Eusko Jaurlaritzari eskaera egin dio udal gobernu batzarrak, Parte Zaharreko Orixe ikastolako egoitza ohiari hezkuntza-atxikipena kentzeko. Hala, eraikin hori auzotarren gozamenerako erabiliak izatea nahi dute, auzoetxe bihurtuz, auzotarrek eskatu moduan.
Hala ere, EAJk ez du aukera hori begi onez ikusten, eta iniziatiba bat aurkeztuko duela jakinarazi du. Orixe ikastolaren egoitza zaharrean Oinarrizko Lanbide Heziketako zentro berri bat kokatzea “aukera ezin hobea” dela esan du talde jeltzaleak. “Garai batean Orixe ikastolaren egoitza izan zen udal eraikina oso aproposa da orain LH berriko zentroa. Donostiaren erdialdean hori bezalako eraikina edukitzea erabat bat dator orain arte eraikinari eman zaion helburuarekin eta pasatzen utzi ezin dugu aukera da”, nabarmendu du EAJko bozeramaile Eneko Goiak.
Eusko Jaurlaritzak egunotan Donostian egiten ari den Lanbide Heziketaren Nazioarteko Kongresuan azaldu du Oinarrizko Lanbide Heziketa Integratua garatzeko zentro berriak jarri nahi dituela martxan, eta EAJk ez du zalantzarik egiten Kanpandegi kaleko eraikina egokiena dela horrelako zentro bat bertan kokatzeko. Gainera, Lanbide Heziketarako zentro publiko bat irekitzeak Donostiak arlo honetan duen eskaintza indartuko lukeela uste dute. “Lanbide Heziketa oinarrizkoa da gure ekonomiaren lehiakortasuna hobetu eta gure gazte askoren lan ibilbidea sustatzeko”.
Horrenbestez, udalari Eusko Jaurlaritzarekin negoziatzeko eskatu diote, “ideia hau errealitate bihur dadin”.