Hondartzen denboraldia bihar hasiko da
Zurriola hondartzak banaketa berria izango du: hondartzako bi ertzetan surflariak ibiliko dira, eta erdiko gunean bainulariak.
Azkenik, Gozatu hondartzaz mezu baikorra erabili nahi izan dute; baina, ezin da ahaztu hainbat gauza kontuan hartu behar direla. Horregatik, beste hiru mezu zabaldu dituzte: elkarbizitza, jasangarritasuna eta segurtasuna. “Errespetua ezinbestekoa da denok hondartzez disfrutatzeko; ingurumen naturala zaindu behar dugu; eta, itsasoan gaudenez, tentuz jokatu behar dugu, eta langileei kasu egin behar zaie”, azaldu du zinegotziak.
Hondartzen irudi berriaren aurkezpenarekin batera, bertan zeuden langile zein herritarrek izozkiak dastatzeko aukera izan dute.
Aurtengo denboraldiak irudi berria izango duela azaldu dute: logoa, izena eta mezua aldatu baitute. Logoari dagokionez, udaraz ari garela kontuan hartuta, aisialdia, gozamena eta alaitasuna erakusten duten kolore zein forma erabili dituzte, irudi fresko eta dinamiko baten bidez. Erabilitako formek Donostiako hondarrean eta uretan sortzen diren uhinak dira. Bestetik, Donostiako hondartzak izena jarri diote irudi berriari. Donostian lau hondartza (Zurriola, Kontxa, Ondarreta eta Santa Klara uhartekoa) badaude ere, guztiak dira Donostiaren markaren parte eta horregatik aukeratu dute izen hori.
“Ezin ditugu ahaztu otsailaren 2ko enbatak eragindako kalteak. Martxoan ere denboraleak jarraitu zuen, eta hondartzen denboraldia zailtasunekin hasi dugu, gogorra izan da, baina lortu dugu”. Halaxe mintzatu da Nora Galparsoro Hondartzetako zinegotzia gaur goizean Kontxan egin duen agerraldian. Hondartzen denboraldia bihar, ekainak 1, hasiko da, eta zerbitzu gehienak prest daude iada. Ondarreta eta Zurriolako kabinak ekainaren 7an eta ekainaren 14an martxan jartzea aurreikusi dute. “Aurtengo denboraldia indartsu eta animo handiekin hasiko dugu, herritarrei ahalik eta zerbitzu onena eskaintzeko asmoz”, adierazi du Galparsorok.
Aurtengo denboraldiak zenbait berrikuntza ekarriko ditu. Aurreko urtean hasi zuten birziklatze kanpainarekin batera, isletak jarriko dituzte hondartzetako sarrera nagusietan eta paperontziak ere aldatuko dituzte. Baina berrikuntza nabarmenena Zurriola hondartzako banaketa berria izango da. Izan ere, aurten surflarientzako eta bainularientzako guneak aldatuko dira. Hortaz, erdialdeko gunea (400 metro) bainularientzako izango da, eta hondartzaren bi ertzetan (150 metro alde batean, eta 250 metro beste aldean) surflariak kokatuko dira. Egoeraren arabera, eta dagokionean, neurri horiek aldatu edota egokituko dituzte.
Irudi berria