'Urumea bizi' lelopean, haur festa antolatu dute Zuloaga plazan
Haritzaldek hainbat jarduera antolatu ditu 10:00etatik aurrera.
Gaur, maiatzak 31, itxiko dute San Telmo Museoan martxotik ikusgai egon den Ura, ibaiak eta herriak erakusketa. Hortaz, Haritzalde Naturzaleen Elkarteak, beste hainbat eragilerekin batera, erakusketari amaiera emateko jarduera ezberdinak antolatu ditu. Urumea bizi lelopean, Haur Festa antolatu dute, 10:00etatik aurrera, Zuloaga plazan. Arratsalderako aurreikusita zituzten beste bi jarduera – Urumearen ibaiaren jaitsiera, eta Ura eta Urumearen aldeko martxa – bertan behera uztea erabaki dute.
Bestalde, Gobernuz Kanpoko Erakundeen artean erakusketaren gai nagusia hartuta, ondorengoek adierazpen bat sinatu dute: Arrauning.com, Cristina Enea Fundazioa, Ekologistak Martxan, Papelerias Tamayo, Prosalus, GGKE Koordinakundea eta Haritzalde Naturzaleen Elkartea.
Adierazpena
Ura izateko eskubide unibertsala izenburua duen adierazpenean, Nazioarteko Asanblada Orokorraren 64/292 ebazpena gogora ekarri dute. Izan ere, ebazpen honen arabera, edateko ur garbia eta saneamendua izatea bizitzeko ezinbestekoa da, eta ondorioz, oinarrizko giza eskubidea dela aitortu zuten. Hala ere, ebazpen horretatik “urrun” gaudela aitortu dute adierazpena sinatu dutenek, eta Nazio Batuen Erakundeak ur-baliabideen garapenari buruz kaleratutako txostenean islatzen dena azaldu dute: “2050ean gutxienez lau pertsonetatik bat ur falta larria eta jarraitua duen herrialde batean biziko da”.
Egoera “larria bezain tamalgarri” honen aurrean, erakundeek hurrengoa aitortu dute:
– Bizitza duinerako ura izatea ezinbesteko giza eskubidea da, eta ukaezina.
– Gizaki orori oinarrizko giza eskubide hori bermatu behar zaio.
– Ura oinarrizko ondasuna da, denona. Beraz, uraren kudeaketa publikoa behar du izan.
– Ur-ekosistemak onura ugari eta anitzak sortzen dituzte, esaterako uholdeen eragina leundu edota uren arazketa naturala.
Horrenbestez, uraren pribatizazioaren eta gerrarako tresna gisa ura erabiltzearen aurka daude, eta ur-ekosistemen kontserbazioaren eta klima aldaketaren aurkako borrokaren alde egiten dute.
[box]
URUMEA BIZI, HAUR FESTA
Maiatzak 31, larunbata. Zuloaga plazan.
- 10:00-12:00 Trikitilariak
- 11:00-12:00 Margoak eta eskulanak
- 11:50 Hamaiketako osasungarria
- 12:00-13:30 Astoak eta gurdiak
- 12:00-13:30 Haur jolasak
- 13:00 Musika eta dantza
- 13:30 Ur puxiken guda
Erlazionatutako edukia'Ura, ibaiak eta herriak' argazki erakusketa ireki dute San Telmo Museoan