Dbusek lau autobus ekologiko berriak aurkeztu ditu, Alderdi Ederren. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
18 metroko lau autobus artikulatu berriak dagoeneko kalean dabiltza, 5. eta 28. lineak eginez.
Pixkanaka-pixkanaka hiriko autobus zaharrak ordezkatzea da Dbusen helburua. Bide horretan, pauso berri bat eman du, punta puntako teknologia duten lau autobus artikulatu berri aurkeztu baitituzte gaur. Ibilgailuak MAN etxekoak dira, eta Euro 6 teknologia dute. Hau da, ingurumena gehien errespetatzen duen teknologia, igorpen maila nabarmen jaisten duena.
Autobus berrien aurkezpena, udaletxean. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Dbus izan da mota honetako autobusak erosi dituen lehena, 1,5 milioi euroko inbertsioa eginez. Miguel Angel Alonso, MAN enpresako ordezkariaren arabera, “merkatuko autobusik ekologikoenak dira”. Zentzu horretan, Juan Karlos Izagirrek ere Dbusek irisgarritasunaren alde eta ingurumenaren alde egiten duen lana nabarmen du; “Berrikuntza teknologikoei esker, Dbusen autobusak %100ean irisgarriak dira, eta gaur aurkeztutako lau ibilgailuek, aurreko autobusek baino %5 energia gutxiago kontsumituko dute”, esan du alkateak.
Ezaugarriak
Alderdi Ederren aurkeztu dituzte 18 metroko lau autobus berriak, herritarren ikusmina piztuz. MAN etxeak ekoitzi ditu autobusak Polonian, eta ondoren, Logroñon egokitu dituzte Dbusen beharretara.
Ibilgailuek Euro 6 motorra dute, eta Euro 1 motordunak ordezkatuko dituzte. Hala, igorpen maila nabarmen gutxituko dute; partikula kutsatzaileen kasuan, adibidez, murrizketa %97koa izango da.
Irisgarritasunari dagokionez, zoru baxua eta sartzeko arrapala automatikoak dituzte, gurpildun aulkian edo haur kotxeekin doazen bidaiariak arazorik gabe sar daitezen. Mugikortasun murriztua duten pertsonentzako eserleku bereziak ere badituzte, eta autobusen barnealdean nahiz kanpoaldean ikusmen murritzeko herritarrentzat informazio sistema akustikoak dituzte.
Berezitasunen artean, artikulazio hauspoa nabarmendu dute; “Erdiko hauspoa zeharrargia da, eta horrek espazioari argitasuna ematen dio. Horrela, bidaiariak ez du atzera joateko bildurrik izango, horixe gertatzen baita oraingo autobus artikulatuetan”, azaldu du Gerardo Lertxundi, Dbuseko kudeatzaileak.
Bestalde, erosketa berri honek jarraipena izango duela adierazi du Lertxundik. Hurrengo pausoa hiriko zortzi mikrobusak aldatzea izango omen da, eta ondoren, 12 metroko autobusak; 10 lehen fasean, eta beste hainbeste geroago.
-
-
-
-
Autobus berrietara sartzeko aukera izan dute herritarrek. (Argazkia: Agurtzane Altuna)