Basque Culinary Centerrek ere bat egin du edukiontzi marroiaren kanpainarekin
Dagoeneko 10.120 familiak eman dute izena edukiontzi marroia erabiltzeko sistema berrian.
Hondakin organikoen bilketan hiriko eragileen konpromisoa oso garrantzitsua dela esan du Nora Galparsoro, Zerbitzu eta Azpiegitura zinegotziak. Bide horretan, Basque Culinary Centerrek ere bat egin du Hemen da konposta! kanpainarekin. Hiru ikastaro antolatu dituzte, errezeta berrien bidez sukaldean erabiltzen diren produktuak berrerabiltzen ikasteko.
Ikastaroaz gain, Basque Culinary Center-en iraunkortasunaren aldeko apostua egiten dutela esan du Idoia Calleja, master eta ikastaroen zuzendariak. Hala, ikastaroez gain, zentroaren kudeaketan eta erabileran ere hondakinak egoki kudeatzeko ahalegina egiten dutela adierazi du Callejak.
Hemen da konposta!
Kanpainaren lehen zatia uztailean bukatuko da. Ordurarte auzo guztietan edukiontzi marroiak jartzen arituko dira, eta baita hondakin organikoa biltzeko sistema ezagutarazteko guneetan informazioa eskaintzen ere.
Nora Galparsorok azaldu duenez, edukiontziak Ategorrieta-Ulian, Erdialdean, Egian, Antiguan, Amaran eta Grosen jarri dituzte jada. Astelehenean Aieten hasiko dira jartzen, eta ondoren etorriko dira Larratxo, Intxaurrondo, Altza, Añorga, Loiola eta Martutenekoak.
Hondakin organikoa biltzeko poltsak banatzeko makinak ere hilabete honetan hasiko dira jartzen. Lehenak Ernest Lluch eta Okendo kultur etxeetan eta Zuhaizti Kiroldegian jarriko dituzte.
Galparsororen esanetan, “herritarren harrera oso ona izaten ari da”. Bataz beste, auzo bakoitzean familien %15ak eman du izena, eta familien %40ra iristea litzateke erronka. Hondakin organikoaren bilketa datuei dagokionez, oraindik ez dute daturik, sistemaren hedapena mailakatua delako; Galparsororen arabera, uda bukaeran izango dituzte lehen datuak.