Intxaurrondo ikastola. (Argazkia: Lide Ferreira)
1986ko araudia egokitu dute horrela, eta 41 langilerengan izango du eragina; 16 atezain eta 25 eraikin arduradun, hain zuzen ere.
Donostian Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako 19 ikastetxe publiko daude, eta Helduen Hezkuntzarako beste bi ikastetxe; 36 eraikin guztira. Eraikin horien zaintza eta mantenua, eta langileen beharrak, eraikinaren tamainaren eta ikasle kopuruaren araberakoak dira.
Naiara Sampedro, Hezkuntza zinegotziak araudiaren garrantzia azpimarratu du; “langileen funtzioak eta eginbeharrak egungo beharretara eguneratzen eta zehazten ditu araudi berriak. Akordioak bere baitan hartzen ditu lan jardunaldian izan daitezkeen gertakizunen aurrean jarraitu beharreko urratsak eta erantzukizunak. Hala, gida zehatza eta eguneratua eskaintzen die langileei, zentroetako zuzendariei, eta baita udal arduradunei ere”.
Sampedrok esan duenez, aurreko araudia “erabat zaharkitua” zegoen. Langileek haien ardurapean zegoen ikastetxean bizi behar zutela zehazten zuen, adibidez, eta “horrek zentzurik ez du gaur egun, langileak ez baitaude behartuta zentroetan lan egitera haien lan jardunaldiaz kanpo”, esan du zinegotziak.
Bestalde, udal gobernuak jakinarazi duenez, araudi berriak malgutasun handiagoz eta adostasun handiagoz jokatzea ahalbidetuko du garrantzitsuak diren beste hainbat gaitan. Hala nola, udal egutegia eta eskola egutegia kontuan izanda lan egutegiaren antolakuntzan, eta eguneroko ordutegiak eta eginbeharrak zehazteko orduan.