Igandea gerturatu ahal gero eta jende gehiago erosten ari da metroak. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
Igandean 60 autobus irtengo dira Sakanarantz, Donostiari dagozkion zazpi kilometroak betetzeko.
Nafarroan, Uharte Arakil eta Hiriberri artean 4.000 donostiar baino gehiago izango dira igandean, Gure Esku Dago dinamikak antolatutako giza katean. 4.000 lagunetik gora dira, oraingoz. Iganderako 6.000 izan daitezkeela uste baitu Donostiako Gure Esku Dagoren bulegoan lanean ari den Alberto Silvak.
Zurriolako hiribidean dute egoitza eta giza katea osatzeko eguna gerturatu ahala, gero eta jende gehiago joaten ari da metroa erostera: “Demasa izan da. Telefonoa jo eta jo ari da. Eta jende asko etortzen ari da metroa erostera, kamisetak erostera, informazioa eskatzera…”. Urduritasuna nabari dela azaldu du Silvak eta giza katean parte hartzearen inguruan zalantza asko piztu direla: “Askok uste dute dortsal bat edo kamiseta bat erosi behar dela giza katean parte hartzeko. Batzuek pentsatzen dute jada ez dagoela izena emateko aukerarik… Giza katean parte hartzeko behar den bakarra da metroa erostea, 5 euroren truke, ez da beste ezer behar. Berez metroa zerbait sinbolikoa da. Bakoitzak ez du bere metroa okupatuko. Zuk berez kilometro batean parte hartzen duzu”.
Sakanan bertan ere, igandean, izena emateko aukera izango da, kilometro bakoitzean informazio gune bat izango baita.
Metroak eros daitezke, baina autobusak jada bete egin dira. Asteazken arratsaldean bete ziren. 3.500 lagun joango dira 60 autobusetan. Goizean, 8:30ean, abiatuko dira Sakanarantz. Autoz ere joan daiteke, baina goiz joateko gomendioa eman du Silvak: “Gure autobusak 10:00etarako iritsiko dira. Autoz doazenei esango nieke 9:00ak eta 9:30ak bitartean iristeko hara, aparkatzeko arazoak izango baitira”. Durangotik Iruñera bitarteko giza katea osatzeko guztira 900 autobus mugituko dira igandean.
Internet bidez ere ezin da metroa eskuratu, Gure Esku Dago dinamikan lanean ari direnek ezin izan dute-eta azken egun hauetako “uholdeari” aurre egin. Metroa eskuratzeko, beraz, beharrezkoa da Gure Esku Dagoren bulegora joatea, edo auzoz auzo sortu diren taldeen postuetan izena ematea. Eta bestela, igandean bertan ere bai, edozein kilometrotako informazio gunean.
Donostiarren kilometroak, auzoz auzo.
Parte Zaharra, Erdialdea eta Amarari dagokio 91. kilometroa; Amara Berri eta Loiolako Erriberari 92. kilometroa. Antiguari 93. kilometroa; Egia, Loiola eta Martuteneri 94. kilometroa; Gros, Ulia eta Bidebietari 95. kilometroa. Añorga, Ibaeta eta Aieteri 96. kilometroa; eta Altza eta Intxaurrondori 97. kilometroa. Igeldotarrak 96. eta 97. kilometroetan izango dira. Martin Garitano ahaldun nagusia antiguatarren kilometroan izango da, eta Juan Karlos Izagirre alkatea igeldotarrekin 97. kilometroan.
10:00etan iritsiko dira parte hartzaile gehienak, autobusean, eta prestatzen hasiko dira. Silvak azaldu du 11:30erako giza katea egingo dutela, dena ondo antolatu ahal izateko. Eta 12:00etarako dena prest izango da. Soinu baten bidez emango diote hasiera. Groseko kilometroaren arduraduna da Silva, eta bertan suziri batzuen bidez emango dutela azaldu du. Kilometro bakoitzean soinuren batek emango dio hasiera: bozinak, txalaparta, kanpaiak, adarrak… Bi helikoptero daude giza katea grabatzeko, baita hamar moto eta furgoneta batzuk ere.
Groseko ‘tsunamia’
Groseko Gure Esku Dagok, giza katearen ordu erdian euren kilometroaren argazki panoramiko bat egingo du: “Bizikleta gainean, hamar metrotan behin argazki bat egingo dugu antolatzaileok”. Eta giza katea girotzeko
Groseko tsunamia deituriko olatua egingo dute denen artean: “Besoak altxatuko dituzte gure kilometroan, eta hori dena iruditan grabatuko dugu. Beste kilometroetan beste gauza batzuk egingo dituzte”.
IRUTXULOKO HITZA ere giza katean izango da, eta donostiarren zatian gertatzen denaren berri emango du
Irutxulo.hitza.eus eta sare sozialen bidez.
-
-
Alberto Silva, Donostiako Gure Esku Dago dinamikaren bulegoan. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
-
-
Igandea gerturatu ahal gero eta jende gehiago erosten ari da metroak. (Argazkia: Nerea Lizarralde)