Aitor Etxaburu izango da Bera Bera Eskubaloiko entrenatzaile berria
Imanol Alvarezen agurraren ostean, Eibarkoaren aurkezpena iritsiko da bihar eguerdian, komunikabideen aurrean.
Bera Bera Eskubaloiak jada badu entrenatzaile berria, Aitor Etxaburu. Izan ere, eibartarrarekin akordio bat itxi du klubak, 2014-15 denboraldian taldea zuzendu dezan. Bidebieta kiroldegian Tati Garmendia kirol arduradunak egingo du Aitor Etxabururen aurkezpena, bihar 12:15ean, komunikabideen aurrean.
Eibartarra den arren, Hondarribian bizi da Etxaburu, eta hilabete honetan 48 urte beteko ditu. Bidasoako jokalaria eta entrenatzailea izan zen, eta azkeneko lau denboraldietan, Helvetia Anaitasuna zuzentu du. Gainera, Iruñeko taldea zilarrezko mailatik igotzea lortu zuen, eta aurten, Kopako lauko finalean sartzea lortu du. Beraz, badu esperientzia nahikoa eskubaloiaren munduan.
Imanol Alvarez izan da Bera Berako entrenatzailea 2013-2014 denboraldian, Reyes Karrereren lekukoa hartuz. Sekulako denboraldia izan da bukatu berri dena Bera Berarentzat; Liga, Kopa, Superkopa eta Euskal Kopa eskuratu baititu. Hala ere, Alvarezek “arrazoi pertsonalengatik” taldea uztea erabaki zuela jakinarazi zuen joan den maiatzaren 20an.