Baratze publikoen zozketa, udaletxean. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Guztira 83 baratze eskaini dituzte, eta 1.069 herritarrek egin dute eskaera; baratzerik gabe geratu diren herritarrak itxaron zerrendan geratuko dira.
Gaur, ekainak 5, Ingurumenaren Nazioarteko Eguna da, eta hauxe aukeratu dute Lau Haizetako baratze publikoen zozketa egiteko. Axier Jaka, Ingurumen zinegotziaren arabera, udalaren proposamenak jaso duen erantzunak aurreikuspen guztiak gainditu ditu. Guztira, 1.069 eskaera jaso zituzten, eta horietatik 921 onartu dituzte.
Eskatzaileak lau multzotan banatu dituzte. Hiru talde egin dituzte adinaren arabera, eta beste bat urritasunak dituzten eskatzaileekin.
-18-30 urte bitartekoak: 121 eskatzaile eta 20 baratze.
-31-60 urte bitartekoak: 614 eskatzaile eta 26 baratze.
-61 urtetik gorakoak: 168 eskatzaile eta 35 baratze.
-Urritasunak dituztenak: 18 eskatzaile eta bi baratze.
Guztien artean 83 baratze zozkatu dituzte. Horiez gain, beste bost baratze gorde dituzte; bi ikastetxeek erabiltzeko, eta beste hiru, Gizarte Ongizateak kudeatuko ditu.
Baratze bat tokatzeko itxaropenez gerturatu diren herritarren arteko boluntarioak izan dira zenbakiak atera dituztenak. Gaurko zozketaren bidez, baratze bakoitzari erabiltzaile bat egokitu zaio, baina sailak ezingo dira aukeratu. Gainera, adin tarte guztiak nahastuta egongo dira. Horrela, belaunaldien arteko harremana indartuko dutela adierazi dute.
Jakaren arabera, baratze publikoen bidez erabiltzaileen kontsumo propiorako frutu eta barazkien ekoizpen ekologikoa indartu nahi dute, eta hala, bi helburu bete nahi dituzte. Batetik, ingurumenean ahalik eta kalterik gutxien sortzea, eta bestetik, ohitura osasuntsuak hedatzea, ariketa fisikoa eginez eta elikadura osasungarria sustatuz.