Mozambikeko herrixka baterako kooperazio proiektu bat osatu dute Donostiako Arkitektura Eskolako ikasleek
Silva Macuako biztanleen bizi kalitatea hobetzea du helburu lanak, eta guztiaren berri ematen duen erakusketa jarri dute Añorgako Museum Cementos Rezolan.
Kooperazio proiektu berezi bat osatu dute Donostiako EHUren Arkitektura Eskolako hainbat ikaslek. Mozambikeko Silva Macua herrixkako biztanleen bizi kalitatea hobetzea izan da euren egitasmoaren helburua, bereziki, bizitzeko ezinbestekoa den ura eskuragarriago izatea lortzeko. Aurreko ikasturtean, lan horretan murgildu ziren 50 ikasle inguru, eta kooperazio proiektu horrekin lotutako erakusketa bat zabaldu dute, Añorgako Museum Cementos Rezolan jarritako hainbat panelen bidez. Erakusketaren aurkezpena gaur goizean egin dute, eta museoko arduradunek eta arkitektura eskolako irakasle eta ikasleek bat egin dute bertan,guztiaren berri zehatza emanez. “Lan zabalago baten izebergaren punta da erakusketa. Ikasleen balioa erakutsi nahi izan dugu; askotan beraiek uste dutena baino askoz ere handiagoa baita”, aipatu du Juan Jose Arrizabalaga arkitektura eskolako zuzendariak.
Alex Mitxelena, proiektua bideratu duen arkitektura irakaslea da, eta proiektua egiteko aukera nola sortu zen azaldu du. “Handik etorri zen eskaera proiektua egiteko. Hainbat eskaletan planifikazioa egitea nahi zuten, herrixkaren antolaketa hobetzeko, ura eskuragarri izateko… Bereziki lehen ikasturtean egindako lana izan da, eta joan den udaran, lau ikasle Mozanbikera joan ziren kooperante gisa, bertako errealitatea ezagutzera. Aurten ere itzuli egingo dira”, azaldu du Mitxelenak.
Jone Arruabarrena getxoztarra, arkitektura ikaslea da, eta bere bizipenaren berri eman du: “Orain Bartzelonan dagoen ikasle ohi baten bidez sartu ginen proiektuan. Bere izebak egin zion proposamena. Proiektua eskolan landu genuen, eta gero, bertara joan ziren ikasle batzuk, bertakoen beharrak hobeto ezagutzera. Horrela, oinak lurrean jarri genituen eta benetako beharrak zeintzuk ziren ikusi genuen. Antropologia ikasleekin ere elkarlanean aritu ginen”, azaldu du Arruabarrenak. Oihane Garcia arrigorriagatarra ere ikaslea da, eta Mozambiken egon zen hiru hilabetez. “Euren oinarrizko beharrak zeintzuk ziren esan ziguten. Gure berri emateaz gain, taldeak osatu genituen, bilerak egiteko. Bereziki emakumeek parte hartu zuten bilera haietan. Guk portugesez hitz egiten genien, eta bertako hizkuntzara itzultzen zuten itzultzaileek”, azaldu du Garciak. Hala, uraren etxea ere egitea pentsatu zuten, ura biltzeko kalitate handiagoko sistema izateko. Horrela, bertakoek erabili zezaketen sistema sinple bat jartzea proposatu dute. Utopikotzat jotzen duten ur arazgailua sortzea eta ur sistema berriaren sorrera ere pentsatu dituzte ikasleek, baina hori egitea ia ezinezkotzat jotzen dute. Momentu honetan, hiru putzu dituzte herrixkan ura ateratzeko; baina horietako bat ez dabil, bestea oso egoera larritan erabiltzen dute, eta bestetik ura lortzeko ordaindu egin behar dute. Beraz, bizikletan joaten dira Silva Macuako biztanleak iparraldeko herrietara, bidoiak hartuta, ura bertatik ekartzeko.
Unibertsitatearen lana, guztia ongi pentsatzea eta proiektua egitea izan da, 3.000 biztanle inguru dituen gune musulmanarentzat. Orain, proiektua egia bihurtzea Mozambikeko eragileen eskuetan geratuko da. Antonio Nolasco museoaren zuzendariak, behintzat, mezu argia bota du: “Zementu puska txiki batzuek pertsona askoren bizitza alda dezakete”. Azken batean, Mozambikeko lurren aberastasunei probetxua ateratzeagatik, enpresek lurraldeari dirutan edo lanak eginez itzuli behar izaten dute mesedea. Beraz, enpresa horietakoren bat izan daiteke ikasleek egindako proiektua gauzatu dezakeena.
Garapen kooperazio proiektu bat izan da ikasleek egin dutena, honakoen bidez: Arkitekturaren Bizi Kalitate Ikerkuntza Taldea (CAVIAR), Mozambikeko Pemba Elizbarrutia, Eusko Jaurlaritza eta Donostiako Muga Gabeko Arkitektoen delegazioa. Gainera, proiektuaren harira, ikasleek elkarte bat sortu dute. Gainera, Eusko Jaurlaritzak ematen duen beka bat jaso dute eta oraindik ere horretan lanean jarraitzeko aukera eman die.