Lau belaunaldi, eskutik helduta
Eulali Iraeta eta haren seme-alabak, ilobak eta birbilobak giza katean elkartu dira gaur, 95. kilometroan. Lau belaunaldi elkartu dira gaurko egunez, eta eskutik helduta izango dira familia honetako hogeita bi kide. Iraetak 88 urte ditu eta Ulian jaio zen. Horregatik aukeratu dute Ulia, Ategorrieta eta Gros auzoei dagokien 95. kilometroa, Ihabar-en. Patxi Dorronsororekin ezkondu zen eta zazpi seme-alaba izan zituen. Familia hau osatzen duten lau belaunaldietan gazteenak Elaia eta Ilargi Telleria dira, bi urtekoak. Bezperan Arbizuko kanpingean elkartu dira guztiak, giza katera elkarrekin etortzeko.
Eva Esnal familiako kideak azaldu du oso egun polita dela familia guztiarentzat: “Ilusio handia egiten digu denok elkarrekin egotea hemen. Gu beti izan gara abertzaleak, eta beti egin dugu euskararen alde. Gure sentimenduarekin eta ideologiarekin bat egiten du giza kateak. Gainera badirudi ez gaudela ‘betikoak’ eta jende askok babestu duela Gure Esku Dago dinamika”.