Igeldoko eskola zaharra lehenbailehen konpontzea nahi du EAJk
2012. urtean 210.000 euroko diru partida bat onartu zuten eraikina konpontzeko.
Eneko Goia, bozeramaile jeltzaleak jakinarazi duenez, duela pare bat aste Igeldoko Herri Kontseiluko kideekin bildu ziren. Igeldoren izaeraz gain, bertan bizi duten egoeraz hitz egiteko aukera izan zutela esan du Goiak; eskola zaharren eraikinaz, besteak beste.
Eraikinaren egoera “begibistakoa” dela nabarmendu du Goiak, baina jeltzaleen kezka ez da berria. 2012. urtean EAJ eta Bildu alderdiek inbertsioetarako lortutako akordioan 210.000 euroko diru partida bat adostu zuten Igeldoko eskola zaharra konpontzeko, baina “oraindik ez dute eraikina konpondu, eta horren arrazoia jakin nahi dugu”, esan du Goiak.
Interpelazio horixe eramango dute jeltzaleek hurrengo udalbatzarrera. Adostutako partida harekin zer gertatu den jakin nahi dute; eta zergatik ez duten eraikina konpontzen.
Garai batean Igeldoko eskola izan zena “eraikin polita eta berezia” dela esan du Goiak, eta udalak onartutako Ondarearen Plan Berezian D babes maila duela gogoratu du. Gaur egun hutsik dago, eta ez da erabiltzen. Areago, “utzikeria horren ondorioz, eraikina gero eta hondatuagoa dago; teilatua oso egoera txarrean dago, eta ingururako arriskutsua ere gerta daiteke”, adierazi du zinegotziak. Gainera, lehenbailehen konpontzen ez bada, etorkizunean izan ditzazkeen erabilerak zalantzan jarriko lirateke jeltzaleen arabera. Goiaren ustez, “eraikin egokia da kultur etxe berri bat egiteko, adibidez; gaur egun erabiltzen duten eraikina baina handiagoa”.
Igeldoren auzia epaiaren zain egon arren, auzo honekiko dituen erantzukizunak betetzeko eskatu dio Goiak udal gobernuari: “aurreikusitako dirua dute, beharra begibistakoa da, eta eskumena udalarena, eta soilik udalarena da; udal gobernuak ezin die Igeldorekin eta igeldotarrekin dituen erantzukizunei ezikusiarena egiten jarraitu”, adierazi du Eneko Goiak.