Edizio berriak 300 eta 400 partaide inguru izango ditu, eta ekainaren 13tik 22ra bitartean ospatuko dute.

Aita Donostia XVII. Musika Astearen aurkezpena egin dute, Viktoria Eugenia antzokian. (Argazkia: Lide Ferreira)
Aurreko urteko filosofiari jarraituz, Aita Donostia Musika Astearen hamazazpigarren edizioak elkartasuneko kontzertuak eskainiko ditu. Halaxe azaldu dute gaur goizean Aita Donostia Abesbatzako Javier Alberdi eta Gipuzkoako Caritaseko ordezkari Jaime Tejadas antolatzaileek. “Bildu genuen diru guztia Caritasentzako izan zen, eta arrakasta lortu genuen”. Honela, sarrera borondate truk jartzea erabaki dute bigarren urtez, eta jasotako dirua Caritas irabazi asmorik gabeko erakundeari emango diote.
Javier Alberdik jaialdia “erreferentzia bat” bilakatu dela azpimarratu du, eta egoera ekonomikoa kontuan hartuta, kolaboratzaile eta artistei esker mantendu direla esan du. “Artisten erantzuna ezin hobea da, euren lana interesgabe eskaintzen digute”. Horrenbestez, 300 eta 400 partaide inguruk datozen egunetan hiria musikaz beteko dute, eta kontzertu horien berri eman du Alberdik. Guztira, hamar emanaldi izango dira; ostiralean, ekainak 13, izango da lehenengoa, eta ekainaren 22an itxiko dute jaialdia. 50 urte betetzen dituzten Lartaun abesbatza eta Ertizka Otxotea bertan izango dira; Ainhoa Franco eta J.J. Etxeberria bakarlariek kontzertu lirikoa eskainiko dute; Stockholmoko abesbatza ere hemen izango da; Donostiako Orfeoiko Gerardo Rifonek Xabier Anduagarekin batera beste kontzertu liriko bat egingo du; besteak beste. Jaialdia Aita Donostia eta Kantaka abesbatzek eskainiko duten obra batekin amaituko da. Kontzertua irudiz lagunduta egongo da, eta bakarlari zein instrumentu desberdinek hartuko dute parte.
Urtero bezala, beraz, egitarau oparoa izango du Aita Donostia Musika Asteak. Emanaldi guztiak Kaputxinoen elizan izango dira, 20:30ean. Sarrera doakoa den arren, bertaratzen direnek borondatea uzteko aukera izango dute.
[box]
EGITARAUA
- Ekainak 13, ostirala. LARTAUN ABESBATZA. Zuzendaria: Maddalen Dorronsoro. Organoa: Ana Belen Garcia.
- Ekainak 14, larunbata. SARA MENDEZ eta GUILLERMO PRESA saxofonistak.
- Ekainak 15, igandea. KUP TALDEA. Zuzendaria: Gabriel Baltes.
- Ekainak 16, astelehena. STOCKHOLMS DOMKYRKOKÖR. Stockholmeko Katedraleko abesbatza. Zuzendaria: Michael Waldenby.
- Ekainak 17, asteartea. XATZ ESKIFAIA eta ESKIFAIA ABESBATZA. Zuzendariak: Maite Oca eta Gorka Aierbe. Pianoa: Esther Barandiaran.
- Ekainak 18, asteazkena. AINHOA FRANCO (sopranoa) eta J.J. ETXEBERRIA (baritonoa). JAVIER GONZALEZ SARMIENTO (pianoa).
- Ekainak 19, osteguna. XABIER ANDUAGA (tenorea) eta GERARDO RIFON (organoa).
- Ekainak 20, ostirala. ERTIZKA OTXOTEA. Zuzendaria: Ramon Beraza.
- Ekainak 21, larunbata. BASAURI KIROL ELKARTEA. Zuzendaria: Irma Rutkauskaite.
- Ekainak 22, igandea. AITA DONOSTIA ABESBATZA eta KANTAKA ABESBATZA. Zuzendariak: Javier Alberdi eta Debora Herrero.
[/box]