Amara Berri eta Ekintza ikastetxeetako ikasleek aisialdiaz hausnartu dute udaletxean
Hip-hip Urri! programaren bigarren lan saioa egin dute ikasleek gaur udaletxean.
Europa mailako izaera duen programa da Hip-hip Urri!, eta familietako kultur aisialdia areagotzea du helburu nagusia; haurrak eta haien senideak kultur guneetara gerturatzea eta gune horietako jardueretan parte hartzera bultzatzea. Donostiako, Berlingo, Rigako eta Holandako hainbat eskolatan ari dira programa jorratzen, herrialdeen arteko kultur trukeak antolatzeko, elkar hobeto ezagutzeko, eta Europako herrialdeen arteko loturak estutzeko.
Maiatzean hasi eta irailean amaituko den prozesu parte hartzailean Donostiako Amara Berri ikastetxeko eta Ekintza ikastolako 5. mailako 250 haur inguruk parte hartu dute. Ekainaren 4an eta gaur Donostiako udalbatzar aretoan bi orduko lan saioa egin dute, aisialdiaren eta kulturaren gainean hausnartzeko. Ezagutza jolasak egin ondoren, hainbat galdera zehatzen gaineko gogoeta egin behar izan dute.
Bi saioetan, irailean udal ordezkariekin egingo duten bilera prestatu dute, eta alkateari egingo dizkioten galderak adostu eta aukeratu dituzte. Iraileko ekitaldi horretan bertan, Holandako haurrek eta Donostiakoek internet bidez elkar ezagutzeko aukera ere izango dute.

