
Aste honetan
Bidaiatu Dbusen segurtasunez kanpaina jarri dute abian Donostiako hiri autobusetan. Kanpaina Willis Iberia aseguru artekaritzaren laguntzarekin garatzen ari dira, eta bere helburua bidaiariak seguruago eta erosoago joatea da.
Kanpaina erabiltzaile guztiei zuzenduta dago, baina bereziki adineko pertsonei, beraiek baitira istripu bat izateko arrisku gehien dutenak.
Bi hilabetez egingo dute kanpaina erabiltzaileekin. Bi monitore arituko dira txandaka, hainbat autobus eta lineatan bidaiariei azalpenak eta gomendioak ematen, eta autobusean seguru eta eroso bidaiatzeko informazioa duten esku-orriak banatzen. Helburu nagusietako bat erabiltzaileak seguru bidaiatzeak duen garrantziaz ohartaraztea da.

Informazioa eskaintzen erabiltzaileei. (Argazkia: Dbus)
Bide batez, zerbitzuan sor daitezkeen gora-beheren prebentziorako hartu daitezkeen segurtasun neurriak ere aztertuko dituzte. Horregatik, kanpaina egingo duten pertsonek geltokietan nahiz autobusetara igotzen eta autobusetik jaisten sortzen diren premia eta trabak jasoko dituzte.
Gidariek ere prestakuntza bereziko ikastaroak jasoko dituzte, errefortzu moduan, seguruago gidatzen ikasteko eta adineko pertsonek eta mugikortasun urria duten pertsonek benetan dituzten premiak hobeto ezagutzeko.
Era berean, egunero autobusetako pantailetan irudiak ikus daitezke, autobusean nola sartu eta barruan nola ibili ikasteko gomendioekin, eta mugikortasun urria duten pertsonekin jarrera onak izaten laguntzeko.