Bizitruk, bigarren eskuko bizikleten azoka egingo dute larunbatean
Ingurumen Sailak, Kalapiek, eta Donostia 2016k elkarlanean merkatu berezia antolatu dute bereziki bigarren eskuko bizikletak eta mugikortasun jasangarriarekin zerikusia duen beste ekipamendu osagarriak saltzeko. Larunbatean, ekainak 14, egingo dute Easo kalean, Donostia 2016 Gunean.
Bizikletez gain, patinak, patineteak, kaskoak, bizikletaz ibiltzeko arropa eta bestelako osagarriak eta tresnak saldu eta erosi ahal izango dira. Izan ere, Donostitruk-Bizitruk merkatuak bi helburu ditu: hondakinak murriztea berrerabilpenaren bidez eta mugikortasun iraunkorra bultzatzea.
Saldu nahi den materiala goizeko 8:30etik 10:00ak bitartean utzi ahal izango da gunean. Bizikleta bat saldu nahi dutenek adin nagusikoak izan behar dute, NANa aurkeztu beharko dute eta jabego egiaztapen dokumentu bat sinatu beharko dute, lapurtutako bizikleten salerosketa saiheste aldera. Kalapie elkarteko kideek bizikletak zaindu eta salduko dituzte, bizikleta bakoitzeko 3 euro kobratuz.
Donostitruken ohiko taldea gordailuko salmentan dauden mugikortasunarekin lotutako bestelako objektuez arduratuko da. Larunbatean bertan, 14:00etan, itzuli beharko da salmentaren zenbatekoa edota saldu ez dena jasotzera.

