Ikuskizun handiak egin ahal izateko Belodromoa egokitzeko eskatu du EAJk
2013ko maiatzean Belodromoa erabilera anitzeko gune bihur zedin beharrezkoak ziren konponketak egitea onartu zuten udalbatzarrean EAJ, PP eta PSE-EEren aldeko botoekin; Bilduk kontra bozkatu zuen. Egokitzapenak eginez, belodromoaren edukiera 8.000 lagun ingurura arte handitzea ere adostu zuten, hala, kontzertuak eta bestelako ikuskizun handiak bertan egitea ahalbidetuz.
Juan Ramon Viles, EAJko zinegotziaren arabera, ordea, “urtebete igaro da, eta udal gobernuak ez du pauso bakar bat ere eman”. Hori dela eta, interpelazio bat aurkeztuko dute jeltzaleek, gehiengoz hartutako erabaki bat zergatik ez duten bete galdetzeko. Eta baita Belodromoaren inguruan udal gobernuak zein asmo dituen galdetzeko ere.
Jeltzaleen ustez, Donostia “atzean geratzen ari da”, ikuskizun handiak egiteko leku egokirik ez duelako. “Oso jendetsuak direnak Anoetan egin daitezke; Kursaalen 1.800 lagunentzako lekua dago, eta hortik beherakoak egiteko hainbat areto ditugu hirian. Baina tarteko zerbait falta da, eta Belodromoa egokitzea da aukera onena”, esan du Vilesek.
Gaur egun, 4.500 lagunentzako lekua dago Belodromoan, eta ikuskizun berezietarako txirrindularitzako pistak egokitzen dituzte 6.000 pertsonentzako lekua lortuz. Vilesen arabera, neurri horiek behin-behinekoak dira, eta “Belodromoak behar duena egokitzapen sakon bat da”.
Illunbe
Jeltzaleek salatu dutenez, udal gobernuak entzungor egin dio iaz udalbatzak onartutakoari. “Zezenketak debekatu zituzten, eta erabaki hori justifikatzeko Illunberi kultur erabilera bat eman nahi diote, baina Illunbe zezen plaza bat da, eta ez ditu oinarrizko baldintzak betetzen. Ez da justua erabaki politiko batengatik Illunbe lehenestea Belodromoaren aldeko apustua egin beharrean”, esan du Vilesek.
Zinegotziak ez du zehaztu nolako konponketak egin beharko liratekeen Belodromoa egokitzeko; “Lehenik Belodromoaren aldeko apustua egiten den ala ez erabaki behar du udal gobernuak, eta hortik aurrera egingo dira zehaztasun teknikoak”.


