
Amarako bidegorriak egokitzeko lanetan beste pauso bat eman dute. Jose Maria Salaberria kaleko bidegorri berriaren lanak amaitu dituzte. 100 metroko bidegorria da.
Trafikoari dagokionez, Erdialdera doan trafikoaren norantza kendu dute, hots, Pedro Manuel Collado kalerako norantza. Amarako norantza, berriz, Javier Barkaiztegirantz, mantendu dute. Gainera, bertakoentzat ilaran aparkatzeko 16 leku jarri dituzte, eta motoak aparkatzeko gune txiki bat ere bai.
Peñaflorida institutuaren aldean, aparkaleku gune zaharretik pintatu dute ibilbide berria. Horrela, lehen espaloitik zihoana ordezkatu du, eta bertan bizi direnei eta batez ere, institutuko ikasleei sarbidea ematea ahalbidetuko du.
Bidegorria nahiz trafikoaren moldaketa hauek egin dituen enpresa Tesec izan da.
Jon Albizu, Mugikortasun zinegotziak adierazi duenez, “ibilbide honek bidegorri berri guztiekin planteatzen ari garen helburu berdinak jarraitzen ditu, hala nola, Nafarroa Hiribideko edota Antxo Jakituneko bidegorriekin. Hau da, txirrindulari eta oinezkoen arteko arazoak ekiditea”.