[Analisia] Absolbitu egin dituzte, baina kaltea egina dago
Espainiako Auzitegi Nazionalak absoluzioa eman die 26/11 auzian epaitutako 40 gazte independentistei. Urrian hasi zuten horien kontrako epaiketa, eta gaur eman du epaia auzitegiak. Sei donostiar zeuden epaituen artean: Maialen Eldua (Egia, 1988), Asier Coloma (Parte Zaharra, 1979), Mikel Esquiroz (Intxaurrondo, 1988), Garazi Rodriguez (Gros, 1987), Aitziber Arrieta (Parte Zaharra, 1985) eta Eihar Egaña (Amara, 1988). Errugabeak izan arren, seiren espetxealdiak batuz gero, bost urte eta erdi igaro dituzte kartzelan, behin-behinean.
Albistea pozik jaso dute auzipetuek, senideek eta prozesu osoan babesa eskaini dieten herritarrek. Hala ere, guztiek gauza bera nabarmendu dute; absolbitu egin dituzte, baina kaltea egina dago. Eta hala da, Guardia Zibilak eta Espainiako Poliziak 2009an egindako sarekadatik gaur arte bizitakoari errepasoa egiten bazaio bederen: atxiloketa bera eta inkomunikazio aldia, behin-behineko espetxealdia eta auzipetuen aulkian izateko Madrilera egindako joan-etorriak.
Azken honengatik galera handia pairatu dute ekonomikoki, baina beste bizipenen ondorioz osasuna eta askatasuna urratu egin zaie. Kartzelara ez dira itzuliko –seina urteko espetxe zigorra eskatu zuen fiskalak 40 auzipetuentzat–, baina jasotako kaltea hor geratuko da betirako. Eta hau guztia oinarririk gabeko zantzuengatik, Segiko kide edo arduradun izatea leporatu eta gero. Errugabetu dituzte, baina orain baliorik ez duten froga horiengatik eurengatik atxilotu eta espetxeratu zituzten 2009an, inkomunikazio aldian zirenean torturak salatu zituztela ahaztu gabe.
Auzitegiak berak gaur argitaratutako epaian bertan, oinarririk gabeko epaiketa izan dela agerian geratu da. Horregatik, ondorengo lerroetan, sei donostiarrei dagokienez, euren kontra zituzten funtsarik gabeko zantzuak ekarri ditu gogora Irutxuloko Hitzak, epaiketa inoiz egin behar ez zutela agerian uzteko. Epaian bertan ageri da gazteen aurka zuten guztia; polizia ikerketak bildutakoaren ale batzuk, alegia. Epaileak inkomunikazio aldian egindako deklarazioak baliogabetu ostean, “presiopean” izan zirela aitortu eta gero, lan politikoarekin lotutako jarduerak besterik ez dituzte izan gazteen aurka; eta hala ere, nahiz eta azkenean absolbitu, hori nahikoa izan dute atxilotzeko, inkomunikatzeko, kartzelaratzeko eta epaitzeko.
Aitziber Arrieta
Epaiaren arabera, Parte Zaharrekoa auzipetzeko frogen artean, 2007an egindako protesta bat dago, Segiren aurkako epaiketaren harira, PSE-EEren egoitzaren aurrean egindakoa: «Arrietak eta beste manifestari batzuek Segiren ikurrarekin kamiseta bat zeramaten soinean, eta leiho batera kateatu ziren».
Era berean, bere etxean egindako miaketan «ezker abertzalearen agiriak eta irudiak» aurkitu zituztela dio epaiak; AHTren aurkako mobilizazioen eta «auzoko asanbladari» buruzkoak. Parte Zaharreko herriko tabernan lan egin zuela ere jaso zuten zantzu gisa.
Arrietak hamar hilabete pasa zituen kartzelan, behin-behinean, eta torturak salatu zituen epaiketan: «Etxetik irten orduko hasi ziren tratu txarrak».
Garazi Rodriguez
Gazte mugimenduan parte hartzen zuela, eta Gazte Independentistak erakundeko topaketa eta ekitaldi pubikoetan aritu izana jaso zuten zantzu gisa. Etxean ezker abertzalearen agiriak zituela ere zehazten du epaiak, eta bere bikotea Segiko kide izateagatik geroago zigortu zutela erantsi ere.
Rodriguezek hamabi hilabete igaro zituen kartzelan, behin-behinean, eta honek ere tortura latzak pairatu zituela azaldu zuen epaiketan: «Titiak ikutzen hasi zitzaizkidan, bortxatu egingo nindutela garrasika».
Maialen Eldua
Ezker abertzalearen zenbait ekitalditan parte hartu izana jaso du epaiak, «Gazte Independentistak-ek deitutakoetan, batez ere». Arrano elkarteko kide ez zela ondorioztatu zuen poliziak, baina bere aita badela jakin zuten. Elkartea miatu zuten.
Elduak hamar hilabete igaro zituen kartzelan, behin-behinean. Epaiketan ere torturak salatu zituen. Elduak esandakoaren arabera, buruz ikasi arazi zioten deklarazioa, eta bortxaketa mehatxuak izan zituen.
Eihar Egaña
Amarako jai batzordeko kidea zela dio epaiak, eta «urteren batean Gazte Martxa eta Gazte Topaguneetara joan zela, Gazte Independestistak-ekin lotutako ekitaldietara». Preso bati egindako bazkari batean egon zela ere dio; «ongi-etorri ekitaldi batean», alegia.
Egañak bost hilabete eman zituen kartzelan, behin-behinean. Inkomunikazio aldian mehatxuak jaso zituela salatu zuen epaiketan. Madrilen «infernua» ezagutuko zuela eta bere ama hil zutela esan zioten, bere lekukotasunaren arabera. Epailearen aurrean ez zituen torturak salatu, «mehatxu egin» ziotelako.
Mikel Esquiroz
Ikasle Abertzaleak erakundeko kide zela gogora ekarri du epaiak –atxilotu zuten egunean unibertsitateko klaustroko kide hautatu zuten–, eta Intxaurrondoko Gazte Asanbladarekin lotura zuela.
Esquirozek hamar hilabete eman zituen kartzelan, behin-behinean
Asier Coloma
Manifestazio batean parte hartu zuela aipatzen du epaiak, 2009ko urriaren 16an egindakoa, Bateragune auziagatik zigortutakoei babesa emateko. Gazte Independentistak erakundearen beste deialdi batzuetan ere egona zela dio.
Coloma 16 hilabetez izan zen kartzelan, behin-behinean. «Torturaren beldur» zelako Hendaiara joan zela azaldu zuen epaiketan; beranduago atxilotu zuten, arrazoi horrengatik ihes egin zuelako. «Hemen dauden guztiak jarduera politikoagatik gaude», nabarmendu zuen epaiketan