
Manu Gonzalez, Axier Jaka eta Txema Hernandez, Iraunkortasun txostenaren aurkezpenean. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Cristina Enea Fundazioko Iraunkortasun Behatokiak Donostiako iraunkortasunaren txostena aurkeztu du. 2013. urteari dagozkion datuak bildu dituzte. Hamalau ataletan banatuta dauden 48 adierazleren bidez hiriko ingurumenaren egoera aztertu dute, eta denboran izaten ari den bilakaera ere bai, iazkoak aurreko urteetako datuekin alderatuz.
Txema Hernandez, Cristina Enea Fundazioko zuzendaria, Manu Gonzalez, Iraunkortasun Behatokiko zuzendari teknikoa, eta Axier Jaka, Ingurumen zinegotziak aurkeztu dute txostena. Jakaren esanetan, “ikerketa honi
esker jakin dezakegu zeintzuk diren hiriaren indar guneak iraunkortasun irizpideei begiratuz gero. Hau da, erreferente izaten jarraitu nahi badugu garatzen jarraitu behar ditugun esparruak. Bestetik, antzematen ditugun gabezia nagusien berri ere eskaintzen digu, eta zenbait alorren egoera hobetzeko gure jarduna nora bideratu behar dugun erakusten digu”.
Ingurumen zinegotziaren arabera, udal gobernuaren helburu nagusienen artean
hiri gero eta iraunkorrago bat erdiestea dago; “Gero eta atseginagoa bertan bizi garenontzat eta bisitatzen gaituztenentzat. Hiri garbia, ingurumenarekin errespetuz jokatzen duena eta eredugarria herritarren egunerokoan eragina duten esparruetako politiken garapenean”.
Urtetik urtera hazten ari da herritarren kontsulta kopurua. 2012an 4.720 kontsulta egin ziren, eta iaz 9.822. Jakaren esanetan, datu horiek erakusten dute ingurumenarekiko gero eta sentsibilitate handiagoa dutela herritarrek; “Ingurumenari lotutako gaiek gero eta arreta handiagoa jasotzen dute, jendartean pisu handiagoa dute, eta ondorioz, zalantza, kezka eta galdera gehiago sortzen dira”.
Dagu aipagarrienak
Iraunkortasun txostena oso zabala da, baina gaurko agerraldian hainbat datu azpimarratu dituzte.
Mugikortasunaren esparruan, hazten jarraitzen du bizikletaren erabilerak. Eguneko batez beste 16.695 joan-etorri egiten dira; 2012an baino %6 gehiago. Dbusen erabilerak, berriz, %5 egin du behera. Datu horren atzean eragile asko daudela esan du Jakak. Dena dela, garraio publikoaren garrantzia azpimarratu du, eta oinezkoak, bizikletak eta garraio publikoa lehenesten jarraituko dutela adierazi du.
Motorizazio indizeari dagokionez, autoen maila pixka bat jaitsi egin da (% 0,48); 405 auto daude 1.000 biztanleko. Motorrena, berriz, igo egin da; 140 motor 1.000 biztanleko)
Uraren kontsumoari dagokionez, kontsumo orokorrak beheranzko joerari eusten dio. Iazko datuen arabera, 211 litro kontsumitzen dira pertsonako eta eguneko; 2012an baino %4 gutxiago. Bestalde, hodietan galtzen den ur kopurua nabarmendu du Txema Hernandezek: kontsumo osoaren %3a soilik galtzen da. Datu hori oso ona dela nabarmendu dute.
Urumeako uraren kalitateari dagokionez, ibaiaren bokaleko eta kostaldeko uraren kalitatea ona dela adierazi dute. Erdiko gunean, Santa Katalina eta Loiola arteko gunean, aldiz, kalitatea txarra da, eta beheranzko joerari eusten dio gainera. Era berean, Igarako ubideko uraren kalitatea ere eskasa omen da.
Hondakinen esparruan, sortutako hondakin kopurua hazi egin da. 2012an baino %5 gehigo; biztanle bakoitzak eguneko 1,25 kilo hondakin sortzen ditu. Dena dela, gora egin du bereizketa bidez bildutako tasak ere; 2012an %33 eta iaz, %38 bildu zen bereizketa bidez (0,47 kilo pertsonako eta eguneko). Hortaz, zabortegira bidalitako hondakin kopuruak %3 egin du behera. 0,78 kilo bidaltzen dira pertsonako eta eguneko; azken 11 urteetako mailarik txikiena da.
Energiari dagokionez, kontsumo elektrikoa jaitsi egin da laugarren urtez jarraian, (% 5), urteko batez besteko kontsumoa 3.786 kw/o izanik, pertsonako. Gasaren kontsumoak %0,25 egin du behera (4.169 kw/o biztanleko eta urteko). Energia berriztagarrien instalazioek gora egiten jarraitzen duten bitartean, energia-ekoizpenak behera egin du.
Gizarte esparruan, goraka jarraitzen du langabezia mailak (% 12,7koa izan da langabezia tasa 2013an, eta 2012an % 12,3koa. Emakumeen artean %13,2ko langabezia izan da 2013an, eta % 12,7koa aurreko urtean). 4.415 familiak jasotzen dute Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta; hiriko familien % 5,8k.
Txosten osoa dagoeneko eskuragarri dago
Cristina Enea Fundazioan webgunean.