Gipuzkoako Erizainen Kolegioak antolatu du gertaera, Donostiako udaltzainen, DYAren eta Gurutze Gorriaren laguntzarekin.

Zauritutakoen itxura egiten ari ziren bi boluntario, Sagues inguruan, erizain batekin batera. (Argazkia: E. Zabala)
Ekaitz indartsu baten osteko zaurituak artatu behar izan dituzte Gipuzkoako Erizainen Kolegioko kideek, gaur eguerdian. Izan ere, denboraleak eta itsaso zakarrak ezustean harrapatutako herritar batzuen gertaera simulatu dute Sagues eta Zurriola inguruan, halako egoera bati nola aurre egin jakiteko. Erizainez gain, Donostiako Udaltzainak, DYA eta Gurutze Gorriko langileak ere lanean aritu dira, guztien artean elkarrekin nola lan egingo zuten ikusteko.
Simulazioarekin bukatutzat eman dute Larrialde eta Emergentzietako Erizaintzako Adituen Ikastaroa; erizaintza eskolak Osasun Zientzien Eskolarekin lankidetzan antolatutakoa. Guztira, 40 erizainek parte hartu dute simulazioan, eta 19 biktimetaz arduratu behar izan dira, itotzeak, politraumatismoak, hipotermiak eta izualdiak tarteko.
Pilar Lekuona Erizaintza Kolegioko arduraduna da, eta bere esanetan, 20 urte daramatzate larrialdietako adituak prestatzen. “Larrialdietako adituek jakin behar dute zer egin trafiko istripu batean, Madrid Arenan gertatu zen gehienezko jende pilaketa baten aurrean… aurten, denboraleak kostaldean eragin dituen kalteak ikusita, ekaitz baten eraginei nola aurre egin prestatzea erabaki dugu”, aipatu du Lekuonak. Gainera, erizainentzat ez ezik gainontzekoentzat ere prestaketa moduan balio duela azpimarratu du.
-
-
(Argazkia: E. Zabala)
-
-
(Argazkia: E. Zabala)
-
-
(Argazkia: E. Zabala)