Zineuskadi Elkarteak eta Donostia Kulturak hitzarmen bat sinatu dute, Filmazpit programa bultzatzeko.

Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendaria, Clara Montero Eusko Jaurlaritzako kidea, Nerea Txapartegi udaleko Kultura arduraduna eta Joxean Fernandez Euskadiko Filmategiko zuzendaria. (Argazkia: E. Zabala)
Euskal Herrian barrena euskarazko azpidatziak dituzten filmeen emanaldiak sustatu nahi dituzte Eusko Jaurlaritzak eta Donostia Kulturak, Zinemaldiaren eta Euskadiko Filmategiaren laguntzarekin. Jaurlaritzaren Zineuskadi sailak sortu zuen Filmazpit, euskaraz azpidatzitako filmeak egiteko, 2011ko abenduan. Euskadiko zinemaldietan emandako zenbait film hautatzen dituzte, proiektatzeko eskubideak erosi, eta euskarazko azpidatziak gehitzen dizkiete. Material hori interesa duten kultur erakundeen esku kosterik gabe jartzea da helburua, film horiek jatorrizko bertsioan eta euskarazko azpidatziekin eskaintzeko. Hala, Zineuskadi Elkarteak eta Donostia Kulturak lankidetza hitzarmen bat sinatu dute, urtero 24 film inguru berreskuratu eta zabaltzeko asmoz. “Donostiak euskararen normalizazioan ematen dituen pausoetan laguntzen du, eta filmak jatorrizko hizkuntzan entzuteak eleaniztasuna bultzatzen du. Gainera, nolabaiteko katalogo bat sortzen ari gara, eta aurten zabaldu egingo dugu”, aipatu du Nerea Txapartegi udaleko Kultura arduradunak.
Filmazpit.eu webguneak programaren informazio osoa eta filmeen katalogoa jasotzen du. Tartean, honako filmeen azpidatziak topa daitezke:
Cirkus Columbia,
Collateral,
La danse,
Dracula,
E.T.,
Back to the Future,
Fargo,
No More Tour,
Sudan eta
Syria eta Summer of Sam. Programa jaio zenetik 170 emanaldi inguru egin dituzte Euskal Herriko hainbat herritan, baina bereziki Gipuzkoatik jaso dute eskaririk handiena.
Aski da edozein elkartek eskaria egitea: erakunde, udaletxe, kultur eragile, ikastetxe…
filmazpit@gmail.com posta elektronikora idatzita, eta nahi duen filma DVDan, Blu-ray edo Betacam digital formatuan jasotzeko aukera izango du. Beti ere, kosturik gabe, baina dirua lortzeko helbururik gabe. Bestetik, filmeetako azpitituluak edonork hartu ditzake
Filmazpit.eu webgunetik, eta filma eduki ezkero, euskarazko azpitituluekin ikusteko aukera izango du.