Illunbeko aparkalekuari erabilera handiagoa emateko eskatu du PSE-EEk
Enrique Ramos, zinegotzi sozialistak adierazi duenez, aurreko legealdian 400 ibilgailurentzako gune bat prestatu zuten Illunben. Tartean karabana eta autokarabanentzat gune berezi bat prestatu zuten, argindarrarekin, urarekin, eta ur zikinak hustutzeko zerbitzuarekin.
Gune egokia izan arren, Ramosen arabera, jendeak ez du Illunbeko aparkalekua ezagutzen, beharrezko seinaleak jarri gabe daudelako; “karabanen erabilera gero eta zabalduago dago. Hemendik aurrera jende ugari etorriko da hirira autokarabanan, eta gehienek ez dute Illunbe ezagutzen, ez dutelako seinalerik ikusten”.
Sozialisten arabera, “penagarria” da halako aparkaleku bat erabili gabe edukitzea. Ramosen ustez, “karabanentzat ez ezik, autoa bertan utzi eta eguna hirian igaro nahi duten bisitarientzat ere egokia izan daiteke, autobusez edo bizikletaz bost minutuan Erdialdean egon baitaiteke”.
Hortaz, Illunbeko guneari erabilera handiagoa emateko neurriak hartzeko eskatu diete sozialistek udal gobernuari.