Kalteak kalte, "justizian oinarritutako etorkizun baten alde" lan egiteko prest daude absolbitutako gazteak
Espainiako Auzitegi Nazionalak 26/11 sumarioaz emandako ebazpenaren balorazioa egin dute berrogei gazteek, Iruñean, absoluzioa jaso eta biharamunera. Defentsako abokatuek bihar egingo dute epaiaren balorazio juridikoa, baina gazteek hartu dute gaur hitza.
Gazteen ustez, epaiak aditzera ematen du auzipetuetako asko torturatuak izan zirela eta sumarioa tortura horietan oinarrituta zegoela. Halaber, konponbideak “berrogei militante” irabazi dituela azaldu dute: “Guk sufritu egin dugun arren, prest gaude gure alea jartzeko mendekuan baino gehiago justizian oinarrituriko etorkizun berri baten alde”.
Epaia ezagutzean herritar gehienek “poza” sentitu zutela uste dute, eta gaineratu dute poztu diren herritar horiek direla “gehiengo berria”. Hain zuzen, gehiengo berri hori osatzera deitu zuten epaiketa amaierako alegatuan, eta alegatu hura berriro irakurri dute gaurko agerraldian.
Sei donostiar daude absolbitutako gazteen artean: Maialen Eldua (Egia), Asier Coloma (Parte Zaharra), Mikel Esquiroz (Intxaurrondo), Garazi Rodriguez (Gros), Aitziber Arrieta (Parte Zaharra) eta Eihar Egaña (Amara).