Loiolako Erriberako gizarte zerbitzuetako zentroa "premiazkoa" dela uste du EAJk
Bartzelona etorbidean egingo dute gizarte zerbitzuetako zentro berria; zerbitzua ematen hasteko lokala egokitzea falta da.
Maiatzaren bukaeran bildu zen Gizarte Ekintzako Kontseilua, eta Gizarte Ongizate Saileko aurrekontuak aztertu zituzten bertan. 2014an egiteko proiekturik garrantzitsuena Loiolako Erriberako gizarte zerbitzuetako zentro berria dela jakinarazi du Aitziber San Roman, zinegotzi jeltzaleak. Dena dela, “urte erdia pasa da, eta garrantzitsuena den proiektua egiteko pausorik ez du eman udal gobernuak”, esan du zinegotziak.
2014ko aurrekontuetan 771.362 euro aurreikusi zituzten zentro berria egiteko, baina jeltzaleak kezkatuta daude; “beldur gara beste behin ere udal gobernuaren utzikeriaz edo kudeaketa txarraz egitasmo bat garatu gabe geratuko ote den. Baina zentro hau benetan premiazkoa da, eta ahalegin guztiak egingo ditugu, aurreikusitako datetan egin dezaten”.
Gaur egun gizarte zerbitzuetako zazpi zentro daude Donostian. Morlansen dagoen zentroak eskaintzen die zerbitzua Amara Berri, Aiete, Loiolako Erribera, Loiola, Martutene eta Txomineko herritarrei. Baina zerbitzua ez da nahikoa, eta Loiolako Erriberan zentro berri bat irekitzea da asmoa, Txomin, Loiola, Martutene eta Loiolako Erriberako herritarrak bertan artatzeko.
Zentro berriaren inguruan udal gobernuak dituen asmoez galdetuko dute jeltzaleek Pertsonentzako Zerbitzuetako Batzordean.