Herrerako jaietako kanta abestu dute Luisitok eta Luisitak, festazaleen laguntzarekin
Egun handia izan da gaur herreratarrentzat. Hain zuzen ere, Herrerako jaiek kanta bat izango dute aurrerantzean, festei hasiera emateko txupina eta gero abestu baitute lehen aldiz, hurrengo urteetan ohitura bilakatzeko asmoz. Era berean, Luisito eta Luisita eredu hartuta, San Luis jaietako erraldoi berriak aurkeztu dituzte, hau guztia festa giro ederrean.
Jaien ikur Luisitok eta Luisitak agerraldia egin dute San Luis plazan, 17:30ak inguruan, auzoko gaztetxoak aho zabalik zain zituzten bitartean. Hala, datorren asteburuan jarraipena izango duten festei hasiera eman diete ofizialki, musika, dantza eta kantuen artean. New Yorketik zuzenean etorri direla esan diete herreratarrei, eta han erositako arropa soinean agurtu dituzte auzokideak. Gozokiak banatu dituzte haurren artean, geroago aurreikusita zegoen apar festaren atarian. Haurrek ederki gozatu dute igandea, helduek atzo larunbata gozatu zuten bezala.